INFO

Duela 14.000 urte inguruko «santutegia» aurkitu dute Atxurra leizean, Berriatuan

Bizkaiko Aldundiko arkeologo talde batek duela 14.000 urte inguruko 70 bat grabatu eta margo aurkitu dituzte Berriatuako Atxurra leizean. Aurkitutako «altxorra» babesteko, eta iristeko dauden zailtasunak direla medio, leizea ez da jendearentzako irekiko, baina 3D erreprodukzioak egingo dituzte.

Atxurrako kobazuloan bisonteak eta zaldiak daude irudikatuta gehienbat. (BIZKAIKO ALDUNDIA)

Bizkaiko Kultura diputatu Lorea Bilbaok agerraldia egin du Bilbon arkeologia taldeko arduradunekin batera, Berriatuako Atxurra leizean aurkitutako «altxorraren» berri emateko.

Diego Garate arkeologoa buru duen taldeak 70 bat figurekin dekoratutako 14 panel aurkitu dituzte. Gehienbat animaliak daude irudikatuta, batez ere zaldi eta bisonteak, eta baita silexezko tresnak ere. Duela bi urte Urdazubin bisonteen galeria aurkitu zuen.

Momentuz lau bisita baino ez dituzte egin leizera eta ikerketa lanak luze hartuko duela aurreratu dute. Oraindik leizea modu sakonago batean aztertu behar duten arren, paleolitikoko horma-artean duen garrantzia azpimarratu dute.

Aurkikuntza babesteko eta tokira iristeko dauden zailtasunak aintzat hartuta, leizea ez zaio jendeari zabalduko. Hala eta guztiz ere, egingo diren 3D erreprodukzioek «altxorra» hobe ezagutzeko aukera emango dute.

1934 eta 1935. urteen artean, Jose Miguel Barandiaranek ikertu zuen Atxurra leizeko arkeologia-aztarnategia. Gaur jakinarazitakoa ez da orain arte aurkitu, izan ere, sarbide zaila duten mentsuletan dago kokatua, 300 metroko sakoneran.