Gure Esku Dago: «Erabakitzen ari gara, erabakitzen hasi gara»
Gure Esku Dago ekimenak Arrasaten egin du gaurko lehen agerraldia. Bertan izan dira Debagoieneko aurpegi ezagunak eta Azpeitia, Goierri, Aramaio eta Ispasterreko galdeketen talde sustatzaileen ordezkariak, kontsultei babesa emateko. Gaurko galdeketak «denon aldekoak» direla nabarmendu du, eta parte hartzeko deia egin du. «Olatuz olatu, erabakiaren tsunamia izatea nahi duguna abiatu dugu».
Jon Sarasua, Xabi Igoa, Aitor Mendizabal, Ainhoa Vitoria eta eskualdeko beste hainbat aurpegi ezagun izan dira Arrasaten goizeko 9.00etan egin duten agerraldia babesten. Haiekin batera, Debagoieneko herri guztietako, Aramaioko Erain Debagoiena elkarteko kideak, Ispaster, Azpeitia eta Goierriko galdeketetako talde sustatzaileetako ordezkariak eta Gure Esku Dago dinamikako ordezkariak izan dira.
Guztien izenean, Lierni Olmedok eta Izaskun Juaristik nabarmendu dutenez, hautestontzien irekierarekin «eabakitzen ari gara, erabakitzen hasi gara».
«esan dezakegu 34 herri hauetan biderik zailena egin dugula. Izan ere, zailena, lan gehien dakarrena, taburik handienak gainditzeko beharra sortzen duena... hautetsontziak plazara, herritarren eskura jartzea da. Ezin baita erabakirik gauzatu ezberdinen arteko elkarlanik gabe».
Gure Esku Dagok 2018ari begira marraztu duen bide orrian gaurkoa «urrats izugarri garrantzitsua» dela erantsi dute, eta gaur, baiezko botoak ez ezik, ezezko boto eta baliogabeak ere kontatuko dituztela adierazi dute.
«Ez gaude ohituta denon alde diren ekimenetan parte hartzera, bestearen aurka egiten ohituagoak gaude. Gaurko galdeketak, ordea, denon aldekoak dira, herritar ororen aldekoak dira, erabakia demokrazia baita, demokrazia besterik ez».
«Erabakiaren tsunamia»
Horregatik, galdeketak antolatu diren 34 herrietan botoa emateko aukera dutenei parte har dezaten dei egin diete, bai ala ez bozka dezaten, «bietako aukera batek ere konbentzitzen ez baditu erabat, boto zuria, edo baliogabea eman dezaten». «Parte-hartzeak egiten gaitu herri; gure botoarekin, edozein dela ere, herritar denon aldeko urrats handi bat emateko aukera dugu».
Gure Esku Dagok nabarmendu duenez, «gaur bide bat hasi dugu, 2017ko udaberrian jarraipena izango duen bide berri bat, erabakiaren aroa izatea nahi dugun bidea. Olatuz olatu, erabakiaren tsunamia izatea nahi duguna abiatu dugu».