Etxerat: «Mendekua ezin da inolaz ere eskubide bezala onartua izan»
Brievako espetxetik bueltan Oihana Agirre presoaren bi senidek istripua izan zutela salatzeko egindako agerraldian, indar politikoei zuzendu zaie Etxerat elkartea, egun oraindik aplikatzen den sakabanaketa politikarekin amaitzera euren ardura dela adierazteko. «Mendekua ez da inolaz ere eskubide bezala onartua izan», azpimarratu dute.
«Dispertsioaren une honetan, begibistakoa da aktibatzeko erabili ziren argudio eta arrazoi guztiak xantaia eta mendekuaren helburu garbiei erantzuten diotela». Halaxe mintzatu da Etxerat elkartea Oihana Agirreren bi senidek bisitatik bueltan izandako istripua salatzeko Donostian egin duen agerraldian.
Brievako espetxetik bueltan, hamaika ordu eta ia 1.000 kilometroren ondoren, Kanpezu inguruan, errepidean basurde bat agertu zen eta gidariak bat batean murriztu behar izan zuen abiadura, eta atzean zihoan furgonetak kolpea eman zion senideen autoari.
Urteko laugarren itripua izan dela zehaztu ondoren, ezbehar horien ondorioak zori kontua besterik ez direla, eta Gobernu espainiar zein frantsesak derrigortzen dituztela senideak «‘zori’ hori bizitzera».
Gasteizko Legebiltzarrean PPk eta PSEk eta Iruñeko Udalean UPNk eta PSNk sakabanaketa politika mantentzea defendatu eta hiru egunera jazo zen istripua, Etxeratek gogoratu duenez. Alderdi horiek, beraz, sakabanaketa bera ez ezik, bere ondorioak ere defendatu zituztela nabarmendu du.
«EAJri galdetu behar diogu zenbatekoa den oraingoan ezarri diguten oinazearen kuota, Araban eta Gipuzkoan onartu den dispertsioaren aurkako mozio bera Bizkaian baztertzeko», gaineratu dute.
Dispertsioaren ondorioak «inolaz ere justifikaziorik» ez dutela aipatuta, azpimarratu nahi izan dute «mendekua ez dela eskubide bezala onartua izan».