INFO

Arrotxapean eta Sarrigurenen txupinazoa piztuko dute gaur arratsaldean

Iruñerria festan murgilduko da gaur arratsaldetik aurrera, Arrotxapean eta Sarrigurenen txupinazoa piztuko dituztelako eta jaia nagusi izango den asteburu luze bati ekingo diotelako. Hortik aurrera, igandea arte ekitaldiz beteriko egitarauak izango dituzte.

2014ko Arrotxapeako txupinazoan, erraldoiak dantzan (Iñigo URIZ-ARGAZKI PRESS)

Arrotxapean txosnak paratu dituzten plazan piztuko dute suziria 20.00etan. Arrotxa Kantuz taldea izango txupinazoa pizteko ardura. Sarrigurenen, berriz, Hiru Hamabi elkarteak piztuko du. Talde honek burmuineko minak dituzten adin txikikoak zaintzen ditu. 19.00etan izanen da. Bietan erraldoiek dantzatuko dute.

Arrotxapean kaldereteak izango dira ospakizun garrantzitsuena. Larunbatean izango dira Runa parkean. Antolatzaileek kotxeak bertan ez uztea eskatu dute eta tokia ahalik eta garbien uzteko ere. Honekin batera, jaietako egitarauan antolatzaileek adierazi zutenez, aurten Iruñeko Udalaren partetik elkarlanerako gogo ona izan dute.  

UPNren hankasartzea

Sarrigureni dagokionez, UPNren hankasartze batek oihartzuna izan du sare sozialetan. Hautes-kanpainarako ekitadi bat egiteko baimena eskatu zuen txupinazoa piztu behar zen tokian.