INFO

Urtebeteko espetxealdia igaro eta gero aske da Enrike Lopez txantrearra

Iazko maiatzean atxilotu zuten Biarritzen iheslari ohia eta gaur irten da Fresneseko espetxetik. Biarritzen atxilotu zuten Enrike Lopez Parisen Bake Konferentzia egitear zela, ETAren armagabetzea oztopatzea egotzi zioten hainbat eragilek Frantziako Gobernuari. 

Enrike Lopez espetxetik irten berri. (Etxerat Elkartea)

Urtebeteko espetxealdiaren ostean gaur goizaldean utzi dute aske Enrike Lopez txantrearra. Hamarkada luzez iheslari izan ostean bere sorterrira itzultzeko urratsa eman eta gutxira atxilotu zuen Frantziako Poliziak, iazko maiatzaren amaieran, hain zuzen ere. 

Egun gutxira Parisen Bake Konferentzia egitekotan ziren Bake Bideak eta Frantziako Giza Eskubideen Ligak antolatuta, ekimen garrantzitsu honen atarian eta ETAren armagabetze prozesuari lotuta eman zen Biarritzen Lopezen atxiloketa.

Lopez Fresneseko espetxetik irten da, gainerako kideekin batera 19 eguneko gose greba egin zuen maiatzean, Itziar Morenoren isolamendua salatzeko.