INFO

«Pozik» diren gurasoek lan egiten jarraitzeko deitzen dute

«Poza, lasaitasuna, emozioa...» dira euskararen aldeko hautua egin duten gurasoak Nafarroako Auzitegi Gorenaren epaia hartu duten modua. Azken urteotan egin den lanaren fruituak jasotzen direla nabarmendu dute eta aurrera segitu behar dela gaineratu dute, oraindik ere euskarako eskari guztia ez delako asetzen.

Gurasoen agerraldia (Jagoba MANTEROLA-ARGAZKI PRESS)

AEKren Iruñezar euskaltegian bildu dira gau euskararen aldeko hautua egin duten gurasoek. Hauekin batera, euskalgintzako kideak eta LAB, Steilas eta ELA sindikatuen ordezkariak izan dira. Hitzordua epaia jakin aurretik zehaztu zuten, baina gaur balorazio bat egiteko eta ospatzeko.

«Gaur jaso dugun berriak aurrematrikula egina dugun gurasooi zuzen-zuenean eragiten badigu ere, oso konsziente gara milaka iruindarrei ere eragiten diola. Izan ere, 30 urtez asko eta asko izan dira gure eskubideak berma zitezen nekaezin lan egin duten pertsonak: gurasoak, hezitzaileak, euskalgintzako eragileak, sindikalgintzakoak, auzo eragileak, politikoak... Azken batean Iruñea justuago bat amesten eta eraikitzen lan egiten duten guztiak. Gure lehenengo hitzak, beraz, jende ameslari eta borrokalari horri eskaini nahi dizkiogu bihotz-bihotzez. Urtetako lan eskerga hau guztia gabe ez geundeke gaur hemen irribarrea ahoan. Gure kasuan, zuei guztiei esker gure hirugarren semea lehen aldiz etxetik gertu eta euskaraz joanen da haur eskolara. Iturraman bizi gara eta orain arte ez dugu aukera hori izan», azaldu dute Iturramako Itziar Lurik eta Donibaneko Edurne Elsok.

Haurrak euskaraz hezitzeko eskubidea bazuten ere, ez dela bete gaineratu zuten. Txantrearaino joatea zen aukera bakarra, urtero milaka kilometroak eginez. Horregatik, euskaraz bi eskola berri zabaltzea aurrerapausua zela nabarmendu dute. "Eta urrats txikiak sortutako ilusioa egun batetik bestera airean geratu zen. Ezin duzue irudikatu ze aste gogorrak bizi izan ditugun. Baina gaur, hori guztia atzean utzita, datorren ikasturtean gure txikiak euskaraz eskolatuko ditugula jakiteak ematen digun poza zuekin konpartitu nahi dugu", adierazi dute.

Pozak poz, oraindik lan asko egin behar dela esan dute ere. "Guraso askok oraindik ere euskaraz matrikulatzeko aukera hori etxetik urrun dutela gogorarazi nahi dugu. Iruñeko Udalak urrats bat eman du bere 12 haur eskoletatik heren batean euskarazko eskaintza eginez. Nafarroako Gobernuak dituen 5etatik, ordea, bakar batean ere ez da euskaraz eskaintzen eta gaur hemen gaudenok Nafarroako Gobernuari eskubideen bermean urratsak eman ditzan eskatzen diogu. Izan ere, oraindik bakarrik plaza guztien %27a eskainiko da euskaraz eta aurten Udalak egindako inkestan gurasoon %38ak euskaraz nahi dugula agerian geratu da", esan dute.