INFO
Interview
Aingeru Mayor
Sexologoa

«Transexualitate egoeran dauden haurrek behar dutena beren identitatea onartzea eta diren bezala maitatzea da»

‘Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Haurren (transexualitatea) ulertzen’ ikastaroa emango du Aingeru Mayor sexologoak Iruñeko Kondestablearen jauregian, UEUko udako ikastaroen baitan. Chrysallis Euskal Herria adintxikiko transexualen familien elkarteko lehendakaria da; bi alabaren aita ere bai: bata bulba duena, eta bestea, zakila duena. Berak argi dauka: haurrengan sufrimendua eragin lezakeena diren bezalakoak izaten ez uztea da.

Aingeru Mayor (UEU)

«Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak». Esaldi sinplea dirudi. Ulerterraza. Baina orain arte nagusiki zabaldu izan den uste bati aurre egiten dio: transexualitate egoeran dauden pertsonak ez dira okerreko gorputzean jaio.


Esaldi hori da, hain zuzen, gure haurren errealitatea hobekien deskribatzen duena. Etiketarik gabe, epairik gabe, errealitatea deskribatzen duen esaldia da. Mutil gehienek zakila dute, bai, eta batzuk bulba dute. Neska gehienek bulba dute, bai, eta batzuk zakila ere. Halaxe da. Neska edo mutil izatea subjektibitate kontu bat da. Identitatea ez dago hankartean; izatekotan, burmuinean kokatzen da…. eta gutxiengo baten ezaugarriak izatea okerra dela esatea epai morala baino ez da. Ilegorriak gutxienak dira, ezkerrak gutxienak dira, zakila duten neskak gutxienak dira… bai, baina beren gorputzak ez dira okerrak, beren gorputzak aniztasunaren adierazpena baino ez dira. Okerrak dira aniztasuna ulertzeko, errespetatzeko eta baloratzeko gai ez diren begiradak.

Haurrak hiru bat urterekin hasten dira identitate sexuala agertzen. Helduoi, berriz, gehiago kostatzen zaigu hori ulertzea eta onartzea, ezta?

 Haur guztiak hizkuntzaren konkistarekin batera hasten dira beren identitatea adierazten. Kasu gehienetan, jaiotzean genitalen arabera ezarri genienarekin bat datorrenean, prozesua gardena da helduontzat. Baina jaiotzean egindako iragarpenarekin ez bagenuen asmatu (hainbat ikerketaren arabera 1.000 kasutatik 1ean ematen da transexualitatea), helduok, hasieran, ez dugu ulertzen haurrak adierazten diguna, eta orduan, zuzentzen diogu eta ukatzen dugu berak adierazten duena. Hor hasiko dira haur horrentzat arazoak: ezin duelako bera dena izan. Eta zu zarena ezin izatea oso oso gogorra da. Are gehiago adin horietan, beren pertsonalitatea eraikitzen hasten ari direnean.

Transexualitatea ezezagun zaigu; baina, horrez gain, ez al da haurren sexualitatea bera tabua oraindik?

 Bai, oraindik haurren sexualitateari buruz oso ezagutza gutxi dago eta neurri handi batean gizarte honetan egiten duguna rol eta estereotipoak inposatzea da, haur bakoitzak bere izateko modu bakar eta berezia garatzea oztopatuz.

Sexologoa ez ezik, bi alabaren aita zara: bata bulba duena, eta bestea, zakila duena. Zure larrutan ere biziko zenituen transexualitate egoeran dauden haurren guraso gehienek biziko dituzten zalantza eta beldurrak, ala? Zeintzuk dira zure ikaspenak? Zer esan ohi diezu gurasoei?

 Bai, egoera hau bizi dugun gurasoon hainbat bizipen oso antzekoak dira: hasieran, ezin ulertua, eta pentsatzea haurra nahastuta dagoela; eta gero, ezintasuna, haurrak sufritzen duela ikustean, konturatu gabe, bere sufrimendua gure ulermen eta onarpen ezak eragiten duela. Haien identitatearen aldarrikapena, haien bizitzeko oihua, haien negarra geldiezina denean, hainbat familiatan lortu dugu gure uste guztiak iraultzea eta haurrak adierazten ziguna entzuten jartzea. Horretarako, noski, garrantzi handikoa da, batetik, errealitate honen inguruan ezagutza areagotu izana, eta bestetik, hainbat familiak haien errealitatea ikustarazi izana.

Eta bai, pentsatzen hastean bere identitatea ez dela guk uste genuena, orduan beldurra, izugarrizko beldurra etorkizunari: nolakoa izango oten den bere bizitza, sufrituko duela, zaila izango dela… eta gure beldurrekin ahal duguna egin, eta azkenik, beraien identitatea onartzen hasten garenean, ustez «semea» zen nire alabari «gabon printzesa» esatean, bere irribarrea eta bere begien zoriontasunaren distirak ikustean konturatzen gara sufrimendua ez dagoela etorkizunean, sufrimendua orainaldian dagoela. Gure umea sufritzen ari dela, bera dena izaten ez diogulako uzten.

Gure haurren errealitate hau onartzeko guraso bezala eginbeharreko esfortzua oso handia izaten da. Hori bai, gure haurrak negar egiteari uzten diola, egunero borrokatzeari utzi, triste egoteari utzi eta bere hegalak zabaltzen hasten dela, jolasteari ekiten diola, irribarre eta par egiteari, lagunekin lasai erlazionatzeari, bizitzeari ekiten diola, gure barnean sekulako lasaitasuna sentitzen dugu. Eta orduan konturatzen gara sufrimendurik handiena bera dena ezin izatea dela. Eta bai, beraientzat oraindik lekurik ez duen mundu honetan, bera den bezala izateagatik hainbat kontu zailago izango ditu bizitzan, ziur aski. Horregatik, guraso bezala gure lana izango da berari tresnak ematea zailtasun horiei aurre egiteko.

Behin etxean egoerari eutsita, eskola izaten da hurrengo erronka. Chrysallis elkartean «trantsitua» egiten laguntzen diezue haurrei. Zertan datza?

 Behin familian bere identitatea onartu dugula, eta etxean bera den bezalakoa izan daitekeela, hurrengo urratsa da auzoan edo herrian ere hala izatea. Horretarako, nahitaezkoa da komunitatea heztea. Eta horretan eskolak garrantzi handia du. Horregatik, nahitaezkoa da trantsitu egiten duten umeen eskoletan Formazio Plan Integrala bermatzea, irakasleekin eta beste haurren gurasoekin lan eginez transexualitatearen errealitatea ezagutzeko, eta ikasgeletan haurrekin sexu aniztasunaren inguruan lan egiteko.

Elkarteak hegoaldean lan egiten duenez, EAE eta Nafarroako transexualitatearen inguruko legediaz galdetuko dizut. Nafarroan 2009an ezarri zen, eta EAEn, 2012an. Zertan dira? EAEn pertsona transexualen arretarako gida integral bat lantzen ari dira, zuekin elkarlanean. Zeintzuk dira zuen eskakizunak?

 2009an onartu zen Nafarroako legea, aitzindaria izan zena eta bai EAErako bai estatuko beste komunitateetarako erreferentzia bihurtu zen, baina ez zen garatu. Gaur egun, lanean ari gara Nafarroako Gobernuarekin legean erabaki ziren neurriak garatzeko, eta oso jarrera positiboa erakutsi dute. Esan behar da ere, aitzindari izan zen 2009ko legea zaharkituta gelditu dela eta hainbat puntutan transexualitatea patologizatzen duela, eta beraz, aldatzeko beharra ere badagoela.

Bestalde Eusko Jaurlaritzak 2012an onartu zuen legearen hainbat kontu garatu badira ere, lan asko dago egiteko oraindik. Berriki bukatu da Gida Integrala idazten, eta laster argitaratuko da. Baina transexualitate egoeran dauden haurrei begira gabezi handiak daude oraindik. Funtsezkoa da trantsituak laguntzeko eskoletan Formazio Plan Integrala bermatzea, eta premiazkoa da familiei arreta zerbitzu espezifiko publiko bat martxan jartzea, haur hauei lagundu ahal izateko beren gurasoek laguntza handia behar dutelako. Jokoan dagoena ez da soilik haur hauen bizitza kalitatea, beren bizitza dago jokoan.

Patologizazioa aipatu duzu, eta hala da, bai, medikuntzarentzat transexualitatea patologia bat da: «genero disforia», psikiatra eta zirujauek tratatu beharrekoa. Eta tratamendu horiek nahi izatekotan ere, gainera, badituzte mugak. 

Haur hauek haurtzaroan ez dute inongo tratamendu medikurik behar. Haien identitatea onartua eta diren bezala maitatuak izatea da behar dutena. Beste kontu bat da pubertaroarekin batera hainbatetan gaztetxo hauek desio ez duten sexu ezaugarri sekundarioen garapena oso gaizki bizi ahal dutela eta horretan laguntzeko blokeatzaile hormonalak erabil daitezkeela, eta desio dituzten ezaugarriak garatzeko hormonazio gurutzatua. Eta azpimarratu behar dugu hau guztia ez dela kapritxo bat, haien bizitza dagoela jokoan. Hori bai, gazte bakoitzak ongi bizi ahal izateko zer behar duen ikusten joan beharko du. Gure lekua, guraso bezala, haien prozesuetan beraien ondoan egotea izango da, babesa ematen. Eta, noski, beraiek diren bezala onartu eta maitatu, bere ezaugarri guztiekin eta bere erabaki guztiekin.

Bistakoa da sistemak ezarritako oztopoak ez direla urriak. Azken finean, transexualitateak ezbaian jartzen du hetero-patriarkatuak ezartzen duen sexu-genero sistema osoa. Inoiz desegingo dugu normatibitate hori? Eragingo dugu sakoneko aldaketarik?

 Gure haurren existentziarekin ikusten ari garena da haien errealitatearen onarpenaren alde egiten dugun guztiak izugarri laguntzen duela aniztasun osoari errespetuaren atea zabaltzen. Eta bai: espero dugu denok lekua izango dugun mundua eraikitzen joatea. Ez dugu zuri-beltzezko mundu bat nahi. Horretarako, kolore guztiekin margotu behar dugu gure mundu hau: bakoitzak bere koloreekin. Beren hegalak zabaldu ahal dituzten haurrak hezi nahi ditugu, hegan egin dezaketen haurrak. Zoriontsu bizi daitezela nahi dugu.