Iruñeko Udalak eraso sexisten aurkako baliabideak handitu ditu
Sanferminei begira informazio puntua ireki du Gaztelu Enparantzan. Eraso sexisten aurkako hainbat tresna jarri ditu martxan Iruñeko Udaletxeak Sanferminetarako, baliabideak handituz. Kanpainaren gune zentrala Gaztelu Enparantzan gaur irekitako 'Eraso sexistarik gabeko jaien alde' informazio puntua izango da.
Laura Berro Berdintasun eta LGTBI zinegotziak adierazi duenez, informazio puntua irekita egongo da goizeko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 24:00etara. Udaletxeak, 24 orduz, udal zerbitzu sozialekin laguntzeko aukera erraztuko du eskainitako baliabideak erabiltzeko: arreta, sanitarioa, sikologikoa, judiziala eta poliziala.
Zabalpenerako, alde batetik kanpainaren logoa den esku gorria banatzen hasi dira jada, jendeak soinean jar dezan. Bestetik, harreman osasungarriak berdez eta erasoak gorriz irudikatzen eta azaltzen dituzten diptikoak banatuko dira.
Zinegotziak emakumeen aurkako gradu altuko zein baxuko eraso aurrean «jarrera aktiboa» izan behar dela azpimarratu du. Berrok adierazi duenez, «jaietan ez du denak balio; ez ezetz da, alkohola eta drogak ez dira aitzaki». Udaletxearen arabera, iaz 5.000 pertsona ingururi banatu zitzaion informazioa kanpaina berdinaren baitan.
Erasoak salatzeko telefonoa
Bestetik, Gora Iruñea! plataformak protokolo bat eta telefonoa jarri du martxan, erasoak salatu eta laguntza zein aholkularitza eskainiz. 699 687 687 da telefonoa.