INFO

Turkiatik ihesi, hegazkin militar batean iritsitako zortzi lagun atxilotu ditu Greziak

Greziako agintariek Turkiatik ihesi herrialdera hegazkin militar batean iritsi eta asilo politikoa eskatu duten zortzi lagun atxilotu dituzte. Ustez, estatu kolpea ematen ahalegindu direnekin zerikusia lukete atxilotuek. Turkiak jakinarazi du Greziak entregatu egingo dituela.


Hegazkin militar turkiar batek Alejandropolis hirian lur hartu duela baieztatu du Greziako Gobernuak. Zortzi pertsona zeuden hegazkinaren barruan eta asilo politikoa eskatu dute.

ERT kate estatalaren arabera, Turkian estatu kolpea ematen ahalegindu direnekin harremanak lituzkete Grezian lur hartu dutenek. Berehala izan dira atxilotuak.

Turkiako atzerri-ministroak, sare sozialen bitartez, «traidoreak» berehala itzultzeko eskatu dio Greziari..

Greziako lehen ministro Alexis Tsiprasek bere aldetik, berriz, Turkian jazotzen ari dena gertutik jarraitzen ari dela idatzi du Twitterren eta «demokrazia eta ordena konstituzionala» defendatu ditu. Bere Gobernuak, berriz, asilo eskaerak aztertuko dituela baieztatu du hasiera batean eta hegazkin militarra Turkiara itzuliko dutela gaineratu. Hala ere, geroago, Turkiak jakinarazi du entregatu egingo dizkietela.