INFO

Larrion: «Herritarren bizitzak hobetzeko aukera bezala hartzen ditugu hurrengo hauteskundeak»

Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetan EH Bilduren Arabako zerrendaburu den Miren Larrionek adierazi du aipatu hauteskundeak «herritarren bizitzak hobetzeko» aukera bezala hartzen dituztela.

Miren Larrion, EH Bilduren Arabako zerrendaburua. (NAIZ.EUS)

Gasteizko jaietan bete-betean murgildurik, EAEko hauteskundeetan EH Bilduren Arabako zerrendaburu den Miren Larrionek adierazpenak egin dute prentsaren aurrean. Hala, adierazi du koalizio independenista «prestatuta eta etxeko lanak eginda» iritsi dela zita elektoral berrira.

Gaineratu du modu «argi eta zuzena» dutela lan egiteko: «Herritarrak entzun, haien kezkak ezagutu, haiekin batera konponbideak landu eta proposamen zehatzak aurkeztu». Horren helburua bakarra litzateke Larrionen arabera, «herritarren bizitzak eta egunerokoa hobetzea».

EH Bilduren lehentasunez ere hitz egin du Arabako zerrendaburuak, eta honakoak lirateke: lan prekarietatearekin amaitzea, osasun eta hezkuntza sistema hobetzea, erabakitzeko eskubidearen arloan aldarrikapenetik praktikan jartzera pasatzea eta bakegintzan eta elkarbizitzan aurrerapausoak ematea.

Larrionek gaineratu du EH Bildu osatzen duten guztiek «erronka eta aukera bezala» hartzen dituztela hurrengo hauteskundeak.