Jeff Nichols, Joao Pedro Rodrigues eta Todd Solondz, Zabaltegin lanak aurkeztuko dituztenen artean
Urteko proposamen zinematografiko harrigarrienen sailak, Zabaltegi-Tabakalerak, 24 film hartuko ditu barne irailaren 16tik 24ra egingo den Donostia Zinemaldiaren 64. edizioan.
Ohar bidez Zinemaldiko antolakuntzak jakinarazi duenez, lehiaketako lehen urtean, Zabaltegi-Tabakalerak zuzendari hauen lanak gehitu dizkie jada uztailean jakinarazitako filmei: Pablo Alvarez, Bertrand Bonello, Aaron Brookner, Paz Encina, Chema Garcia Ibarra, Felipe Guerrero, Jeff Nichols, Marilia Rocha, Joao Pedro Rodrigues, Thorsten Schütte, Todd Solondz, Ivan I. Tverdovsky eta Jia Zhang-ke.
‘Take Shelter’, ‘Mud’ eta ‘Loving’ filmen zuzendariak, Jeff Nicholsek (Little Rock, Arkansas, 1978) ‘Midnight’ Special idatzi eta zuzendu du; naturaz gaindiko thriller bat, zientzia-fikzio eta road movie arteko bidegurutzean. Filma Berlinalean estreinatu zen, eta aita bati eta haren zortzi urteko haurrari jarraitzen die, Gobernu Federaletik ihesi ari direla, haurrak botere bereziak dituela aurkitu ostean segika baitituzte.
Todd Solondz gidoilari eta zuzendari estatubatuarrak (Newark, New Jersey, 1959), zinema independenteko erreferentziak, ‘Wiener Dog’ komedia dramatikoa aurkeztuko du. Sundance jaialdian estreinatua, lau istoriok osatzen dute filma. Keaton Nigel Cooke, Tracy Letts, Julie Delpy, Danny DeVito, Kieran Culkin, Greta Gerwig eta Zosia Mamet dira protagonistak. Solondz, besteak beste, ‘Welcome to the Dollhouse’ filmaren egilea, Cannesen, Berlinen eta Venezian saritu dute. Aurten berriz izango da Zabaltegin, 1998an ‘Happiness’ eta 2001ean ‘Storytelling’ aurkeztu ostean.
Joao Pedro Rodrigues (Lisboa, 1966) Biologia ikasten hasi zen, ornitologo izateko asmoz, baina azkenean bertan behera utzi zituen ikasketak, arreta osoa zinemari emateko. ‘O Ornitólogo’ filma bosgarren film luzea du. Locarnoko lehiaketa ofizialean sartu da, aurreko filmekin Canneseko Un Certain Regard sailean eta Veneziako zinema-jaialdian lehiatu eta gero. Hain zuzen, ornitologo bakarti bati buruzkoa da filma; galzoriko zikoina beltzen bila ari dela ibaiak herrestan eramango du, eta muturreko egoerei aurre egitera behartuko duen baso misteriotsu batean murgilduta amaituko du.
Aaron Brooknerrek (New York, 1981), ‘The Silver Goat’ film luzearen egileak (iPad-ean erakusteko eginiko lehen filma), bere osabaren figura dakar ‘Uncle Howard’ filmean: Howard Brookner, zeinak New York hiriko 80ko hamarkadako kultur iraultza islatu baitzuen ‘Burroughs: The Movie’ filman.
Marilia Rochak (Belo Horizonte, Brasil, 1978) fikzioan egindako lehen saioa ‘A cidade onde envelheço’ filma da, iaz Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean parte hartzeko hautatua eta Rotterdamen estreinatua. Brasilgo hiri batean berriz elkar aurkitzen duten Portugalgo bi lagunei buruzko film bat da; antza denez, bizitzan egoteko bi modu desberdin dituzte.
Harez gain, Felipe Guerrerok (Kolonbia, 1975) ere fikziozko lehen lana ekarriko du, nazioartean ibilbide indartsua egin duten ‘Paraíso’ (2006) eta ‘Corta’ (2012) dokumentalen ondoren. ‘Oscuro animal’ filmean, gatazka armatutik ihes egin nahian oihanetik Bogotara joango diren hiru emakumeren istorioa kontatzen du. Rotterdamen estreinatua, FIPRESCI Saria irabazi zuen T-Mobile New Horizons IFF zinema-jaialdian, baita kategoria hauetako sariak Guadalajarako zinema-jaialdian ere: Iberoamerikako film onena, zuzendaritza onena, emakumezko aktore onena (hiru protagonistek partekatua) eta argazkilaritza onena.
Paz Encinaren (Asuncion, 1971) lehen film luzeak, ‘Hamaca paraguaya’-k, prestigio handiko sari ugari lortu zituen; besteak beste, FIPRESCI saria Canneseko zinema-jaialdian. Bere bigarren film luzea, ‘Ejercicios de memoria’, munduko estreinaldia izango da Zabaltegi-Tabakalera sailan. Bertan, Alfredo Stroessnerren diktaduraren aurkari saiatuenaren figura aztertzen du: Agustin Goiburu, 1977an Condor operazioaren baitan eraila. ‘Ejercicios de memoria’ lanak haren hiru seme-alaben oroitzapenetan sakontzen du, Latinoamerikako diktadura luzeenetako baten testuinguru politikoa birsortzeko asmoz.
Bestalde, ‘Corrections Class’ filmarekin hogeita hamar bat sari irabazi ostean, Ivan I. Tverdovsky (Shelkowo, Rusia, 1961) bere bigarren film luzea aurkeztuko du: ‘Zoologiya’. Abiapuntua buztana ateratzen zaion emakume bat da; isatsak bizitza aldatuko dio. Filma Epaimahaiaren Sari Bereziarekin saritu zuten Karlovy Varyn.
‘Eat That Question: Frank Zappa in His Own Words’ dokumentala Baltimoreko musikariaren bizitzaren eta obraren gaineko begirada intimo bat da. Thorsten Schütte norvegiar zuzendariak egin du; hots, ‘Ich, der King of Porn - Das abenteuerliche Leben des Lasse Braun’ eta ‘Namibia Generation X’ dokumentalen egileak.
Pablo Alvarezek (Santiago, Txile, 1975) 2014ko Zinema Ikasleen Topaketan parte hartu zuen, eta haren proiektua Ikusmira Berriak ikus-entzunezko egoitzan parte hartzeko aukeratu zuten. Nazioarteko jaialdietan parte hartu duten hainbat film labur egin ditu; besteak beste, ‘Los resentidos’ fikzioa. Alvarezek 25 minutuko pieza bat aurkeztuko du: irudizko collage bat, Txileko Santiagoko hirigunea gauez, eta gizon bakarti eta misteriotsu baten arrasto lausoa.
Zabaltegi-Tabakalerak, era berea, Chema Garcia Ibarra (Elx, Alacant, 1975) zuzendariaren La disco resplandece film laburraren proiekzioa ere hartuko du bere baitan. Bere aurreko lanak Cannesen Errealizadoreen Hamabostaldian, Sundancen eta Berlinen hautatuak izan dira. ‘In the Same Garden’ filmaren zati bat da: turkiar eta armeniarren arteko harremanei heltzen dien talde-film bat, datorren astelehenean Sarajevoko zinema-jaialdian estreinatuko dena.
Jia Zhang-ke (Shanxi, 1970) txinatar zinemagile garrantzitsuenetakoa da: Venezian Urrezko Lehoia irabazi zuen ‘Still Life’ (2006) filmarekin, eta Cannesen gidoi onenaren saria ‘A Touch of Sin’ (2013) filmarekin. Zabaltegin, ‘The Hedonists’ film laburra aurkeztuko du. Zhang-ke zuzendari, idazle eta zinemagile gazteen filmen ekoizleak Shanxiko meatzari langabe batzuek lan bila egin beharreko bide dramatikoa irudikatzen du.
Bertrand Bonello (Niza, 1968) Sail Ofizialean lehiatuko da ikusmin handia sortu duen ‘Nocturama’ filmarekin. Bere lan-ibilbidean film luze eta laburrak txandakatzen ditu. Zabaltegi-Tabakaleran ‘Sarah Winchester, opéra fantôme’ proiektatuko du, saiakera historikoaren eta mamu-istorioen arteko hibrido bat, FID Marseillen estreinatua. Bonellok musika ere konposatu du.
Mamuz beteta dago, halaber, Koldo Almandozen (Donostia, 1973) lehen film luzea. Rotterdamen estreinatua, ‘Sipo Phantasma’ (Barco fantasma) naufragioei, banpiroei, amodioei eta zinemari buruzko kontakizuna da.
Beste bi euskal produkzio izango dira sail honetan: Mikel Ruedaren ‘Caminan’ eta ‘Las chicas de Pasaik’ bikotearen (Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarte) ‘Gure hormek / Our Walls’ Kimuak-eko film laburrak.
Jakinarazitako filmak Zabaltegi-Tabakalera saila osatzera datoz; horiez gain, sailean lehiatuko dira Bertrand Tavernierren filma, zikloa inauguratuko duena, eta Terence Davies, Lav Diaz, Jim Jarmusch, Hayoun Kwon, Jean-François Laguionie, Deborah Stratman eta Jose Luis Torres Leivaren filmak ere.