Itsasoko bizilagunen gehiengoak Ezkiotik bereiztearen alde bozkatu du
Ezkiotik bereizi eta udalerri izaera berreskuratzearen alde bozkatu dute Itsasoko bizilagunek. %85eko parte hartzea izan duen galdeketan, %73,94ak egin du aukera horren alde.
Ezkio-Itsaso binomioak egunak kontatuak ditu. Ezkio utzi eta udalerri izaera berreskuratzearen inguruan bozetara deituak ziren igande honetan Itsasoko bizilagunak, eta aukera horren alde egin du gehiengoak.
Galdeketak parte hartze handia izan du, %85ekoa; hots, 119 bizilagunek eman dute euren iritzia bozketan. Horietatik 88 (%73,94) udalerri izaera berreskuratzearen aldeko bozkak izan dira, 26 bizilagunek egin dute aukera horren aurka eta lau pertsonak zuri bozkatu dute. Boto bat baliogabetu behar izan dute.
Gauzak horrela, Ezkiotik bereizi eta udalerri izaera berreskuratuko du Itsasok datozen hilabeteetan. Aurreikuspenen arabera, Foru Aldundiak urtea amaitu aurretik sar dezake indarrean hori baimentzen dekretua.