INFO

Sarek larunbaterako deituriko mobilizazioarekin bat egin du Etxeratek

Sarek deituta, larunbat honetan Donostian gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoen askatasuna eskatuko duen mobilizazioa egingo da. «Oinarrizko eskubideen urratzeak erantzun bezala isiltasuna izan ez dezan» mobilizazioarekin bat egin du Etxerat elkarteak. EH Bilduk ere babesa adierazio dio manifestazioari.

Larunbateko mobilizazioarekin bat egin du Etxeratek. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

«Larriki eri diren gure senideen egoera salatzeko arrazoiak soberan ditugu, eta behar bezainbeste egingo dugu salaketa hori», adierazi du Etxerat elkarteak Donostian eman duen prentsaurrekoan, non, Sarek deituta, larunbatean Donostian egingo den mobilizazioarekin (17.00) bat egin duen. Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek gogora ekarri dute hamar direla gaixotasun larri eta sendaezinak kartzelan pairatzen ari direnak.

Euskal preso politikoen egoeran estatuek erakusten duten inmobilismoa salatu dute. «Kartzela erakundeek, salbuespeneko tribunal eta epaitegiek euren osasuna egonkortzeko aukerak desagertzen dituzte», gehitu dute.

Zentzu horretan, Ibon Iparragirreren egoerak okerrera egin duela azpimarratu dute, eta «osasun eskubiderako sarbidea ukatu» egiten diotela.

EH Bilduren babesa

EH Bilduk ere larunbatean Donostiara joateko deia egin du eta manifestazioan bere ordezkaritza bat izango dela iragarri du, horien artean Arnaldo Otegi, Pello Urizar, Rebeka Ubera, Maddalen Iriarte eta Marian Beitialarrangoitia, besteak beste.

Koalizioak gogoratu du hamar direla egun gaixotasun larriak dituzten presoak eta haien espetxealdia luzatzea erabaki politikoa dela salatu du, «espetxe politika xantia eta mendeku estrategia baten parte delako».

«Sakabanaketa, larriki gaixo diren presoak espetxean mantentzea, bere zigorraren zati handiena bete dutenen espetxealdia luzatzea eta, orokorrean, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politikak gorroto eta mendeku logikari besterik ez dio erantzuten», nabarmendu du.

Estrategia horrekin bukatzeko jendartearen konpromisoa eta inplikazioa «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela uste du, eta batez ere alderdi politiko eta euskal erakundeen konpromiso handiagoa.

EH Bilduk kartzela politika «anker» honekin bukatzeko konpromiso «irmoa» azaldu du eta ildo horretan larunbatean Donostian izango dela jakinarazi du.