Akordioetarako aukerak aztertzeko bilera egingo dute bihar PSEk eta EH Bilduk
Bi alderdien artean izan daitezkeen akordioetarako aukerak aztertzeko helburuarekin bilera egingo dute bihar PSEk eta EH Bilduk, Bilbon.
Ohar banatan bi alderdiek jakinarazi dutenez, bilera Bilbon egingo dute EH Bilduk eta PSEk, azken hauen egoitza nagusian.
Koalizio abertzalearen ordezkaritza Arnaldo Otegik, Rebeka Uberak eta Julen Arzuagak osatuko dute. PSEren izenean Idoia Mendia, Miguel Angel Morales eta Begoña Gil izango dira bileran.
Azaldu dutenez, egoera politikoa izango dute mintzagai eta bi alderdien artean izan daitezkeen akordioetarako aukerak aztertuko dituzte.
Irailaren 25ean egin ziren Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik bi alderdiek egingo duten aurreneko bilkura izango da biharkoa.
EH Bilduk eta PSEk bilerak egin dituzte EAJrekin, legealdi berrirako akordioak aztertzeko. Azkenean, jeltzaleek Idoia Mendia buru duen alderdiarekin bilatuko dute akordioa, koalizio abertzalearekin «ezinezkoa» dela iritzita.
Koalizioak, bere aldetik, bihar egingo duenaren antzeko bilera bat egin zuen Elkarrekin Podemosekin.