Eskuz landutako jakiek kontatzea merezi duen istorio bat dute atzean
Kursaal gazta erraldoi bat da egunotan eta jendea gustura dabil bere zulotxoetatik sartu eta atera mundu osoko usain eta zaporeak probatzen. Jauregitik harago ere hedatu da eskaintza eta, adibidez, Eroskiko dendetan International Cheese Festivali eskainitako txoko bat dago. Munduko gazta jaialdirik inportanteeneko kide da kooperatiba eta mahai-inguru batean parte hartu zuen atzo.
“Idiazabal: balio katea berriz asmatzen XXI. mendeko kontsumitzailearentzat” izenburu zuen solasaldian Idiazabal Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileko presidente Jose Mari Ustarroz, Artzai Gaztako presidente Pablo Basterra eta Eroskiko tokiko produktuak merkaturatzeko arduradun Miguel Angel Nafarrate bildu ziren. Kooperatibak eta Idiazabalek 2014an hasi zuten ofizialki ardi latxen eta Karrantzakoen esnearekin egindako gazta sustatzeko elkarlana, nahiz eta, oroitu zutenez, 1980an jada Artzai Gaztako jakiak merkaturatzen zituzten Eroskin. Artzai Gaztako 41 artzainek eta Idiazabaleko bertze hogei gaztandegik eskuz landutako produktuak jartzen ditu orain bere apaletan erosleen esku, kalitate handiaren seinale den Eroski Seleqtia markarekin.
Hiru hizlariek aho batez goraipatu zuten akordioak guztiei ekartzen dien onura eta lankidetzaren garrantzia lehenbiziko sektoreak iraun dezan. «Eroskirekin gaur egungo kontsumitzailearengana hel gaitezke, honek eskuz landutako elikagaien benetakotasuna bilatzen eta baloratzen baitu. Gainera, gure artzain lanbidea eta honek dakarren bizimodua, elikadura eta landa garapena ulertzeko era indartzeko itxaropena ematen digu», adierazi zuen Basterrak.
Bi motatako bazkideek (kontsumitzaileak eta langileak) osatzen duten kooperatibak Idiazabal jatorri deiturako 125.000 kilo gazta inguru (%10) saltzen ditu. Nafarratek azaldu zuenez, kontsumitzaileek gazta hori estimatzen dute eta gora doaz salmentak. Iaz %12 igo ziren. Guztira 1.400 gazta mota baino gehiago eskaintzen ditu eta horien artean leku berezia du Idiazabalek. «Honen atzean kultura dago, tradizioa, jasangarritasuna; finean, zabaldu beharreko kontakizun bat», azpimarratu zuen tokiko produktuen merkaturatzearen arduradunak.
Ustarrozek egiteko era honen zutabeak aipatu zituen: lurraldea, «bakarra eta errepikaezina»; iraunkortasunarekin lotutako ardi latxen eta Karrantzakoen esne gordina, lurraldean bertan ondua; eta milaka urte dituen tradizioa eta kultura, antzinako moduak, baina bitarteko modernoekin.
Esplotazio bakoitzaren azalera txikia da. «Baina ezaugarri hau, hasieran ahulgune iruditu arren, indargune bilakatu da». Adibidez, haran eta baserri bakoitzak bere ñabardurak uzten ditu gaztan idatzita. Behin gazta bat probatu duenak denbora batera berriz dastatzean ezagutu eginen du.
Identifikazioarekin lotuta, nabarmendu zuen Idiazabal ez dela marka bat, baizik eta izen publiko bat, salerosi ezin dena. Erosleari ze produktu kontsumitzen ari den azaltzeko lan handia egin behar dela erran zuen, baita jatorri izena zabaltzen eta belaunaldi berriek artzaintzaren testigua har dezaten baldintza egokiak sortzen ere, «herri biziak» izateko eta ez «herri museoak».