INFO

Hizkuntza aniztasunari buruzko programazio zabal batekin amaituko du urtea Donostia 2016k

Donostia 2016k hizkuntza aniztasunari buruzko programazio zabal batekin bukatuko du urtea. Hizkuntzekin, aniztasunarekin eta hizkuntza-eskubideekin eta horiek elkarbizitzan duten rolarekin lotutako hainbat proiektuk abenduko programazioa aberastuko dute.

Hizkuntza aniztasunari buruzko egitaraua aurkezteko agerraldia. (NAIZ)

Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Anjel Lertxundiren Gutun Zuria eta Euskaltzaindiak egin duen ikerketa soziolinguistikoaren emaitzen aurkezpena izango dira proiektu nabarmenenak.

Agerraldian gogorarazi dute Donostia 2016 Fundazioak hasieratik eman diola garrantzia hizkuntzak babesteari eta aintzatesteari, bereziki Europakoak, «elkarrenganako errespetuan oinarritutako gizarte justuago bateranzko bide gisa».

«Kultura europarra ezaugarritzen duen hizkuntza aniztasuna mantentzea, hizkuntza hegemonikoekin elkarbizitzan eta immigrazioak dakarren hizkuntza aberastasuna txertatzen den bitartean, Europak aurrean daukan erronka handienetako bat da. Helburu hau betetzeko beharrezkoak dira aberastasun hori garatzea ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko formulak abian jartzea, hizkuntza aniztasunaren iraunkortasuna lortze aldera», azaldu du Xabi Paya Donostia 2016ko kultur zuzendariak.

Horrela, «euskara biziberritzeko sustapena ezaugarri duen lurralde honetan», Donostia 2016k hizkuntza gutxituen inguruan lan egiten duten eragileen sare batekin egin nahi izan du lan.

Protokoloa

Horretan guztian oinarrituz, DSS2016EUk Europako Kultur Hiriburutza Urteari amaiera emango dio hizkuntza aniztasuna lortzeko formula berriak legatu gisa utziko dituzten tresna batzuk aurkeztuz, eta tresna horietako bat Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izango da. Kontseilua buru izan duen proiektuak hizkuntza aniztasuna bermatzeko 180 neurri baino gehiago jasotzen ditu.

«Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sortzeko ekimena abiatu genuenean hizkuntza berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzen garapenerako tresna eraginkorra sortzea jo genuen helburu. Eta gaur esan dezakegu, baietz, Europako hizkuntza komunitate desberdinetako gizarte eragileok bete dugula helburu zail hori», azaldu du Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusiak.

Testua idazteko prozesu luzean Euskal Herrian zein Europan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten gizarte zibileko elkarteen 400 ekarpen baino gehiago jaso dira. Bilbaok nabarmendu du «ekarpen esanguratsua» dela 1996an Bartzelonan sinatu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalari.

Donostiako Protokoloa abenduaren 17an aurkeztuko da, 11.30ean, Kursaalen egingo den ekitaldi jendetsu batean. Ekitaldi hau dokumentuaren azken helburuaren abiapuntu bilakatuko da: Europako hizkuntza aberastasunaren iraunkortasuna bermatuko duten neurri batzuk aplikatzea. Gonbidapenak abenduaren 11ra arte eska daitezke www.protokoloa.eus webgunearen bidez edo 943 591 200 telefonora dei eginez.

Foroa

Bestalde, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren amaieran protagonismoa izango duen beste ekitaldietako bat Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa izango da, UNESCO Etxearekin elkarlanean antolatua.

UNESCO Etxean Foroaren arduradun den Ane Ortegak azaldu duenez, gaur egun Europako eleaniztasunak bizi duen egoerari buruzko eztabaidagune bat sortu nahi du. Gaian adituak elkartuko dira Hizkuntza Erregional edo Gutxituen Europako Gutuna garatzeko eta garapen iraunkor bat ahalbidetuko duen hizkuntza aniztasuna balioan jartzeko, besteak beste.

Foroak mundu mailako garrantzia izango duen ekitaldi bat barne hartuko du, UNESCOren Munduko Hizkuntzen Atlas berriaren proiektua aurkeztuko baita Kursaalen. Mapa berriak munduko hizkuntza guztiak hartuko ditu kontuan egiazko hizkuntza aniztasunaren isla izan dadin. Foroan parte hartzeko izen-ematea abenduaren 8ra arte egin ahal izango da (edo edukiera bete arte) www.donostiaforum.eu webgunearen bitartez.

Anjel Lertxundi

Hizkuntza gutxituak ere protagonista izango dira DSS2016k eskainitako azken Gutun Zurian. Anjel Lertxundi idazleak Europako idazle eta itzultzaileak bilduko ditu Donostian honako gaiaren inguruan hausnartzeko: hizkuntza gutxitu eta ez hegemonikoetako literatura eta bere etorkizuna, globalizazio kulturalaren eraginpean.

‘Demagun ehun urte barru’ du izena Lertxundik sortutako proiektuak, eta Witold Gombrowicz eta Czeslaw Milosz idazle poloniarrak arduratzen zituen gai bati heltzen dio: etorkizun ziurrik ez duten hizkuntzetan idazten duten autoreen lana.

Lertxundik Europako hizkuntza hegemonikoetan idazten duten hiru idazleri eskatu die hizkuntza txiki, gutxitu edo ez hegemonikoetan diharduten sortzaileen azalean jartzeko, eta Donostian bilduko ditu. Itzultzaileak ere gonbidatu ditu gogoetara, euren lana funtsezkoa baita literaturaren zabalpenean.

Abenduaren 12an eta 13an izango dira topaketak, eta parte hartuko duten idazle eta itzultzaile europarren izenak datorren astean zabalduko dira, egitasmoaren prentsaurrekoan.

Euskaltzaindia

Bestalde, Euskaltzaindiak azken 255 urteetan Donostiak izan duen bilakaera soziolinguistikoaren inguruko ikerketa lanaren emaitzak azalduko ditu abenduaren 20an. Ikerketa hori iragan otsailean Akademiak aurkeztutako ‘Euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa’ lanean oinarritutakoa da. Euskaraz gain, erdarek Donostian izan duten bilakaera eta tokia berariaz ikertu da.

Erramun Osa Euskaltzaindiako idazkariordeak azaldu duenez, Donostia izan da metodologia aplikatzeko aukeratutako lehen hiria euskalgintza alorrean izan duen eraginagatik. DSS2016EUk eta Kutxa Fundazioak babestutako ikerketa horren emaitzak abenduaren 20an emango dira aditzera Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean.

Aipaturiko egitasmoez gain, Donostia 2016k hizkuntza gutxituen inguruko beste hainbat proiektu sortu eta sustatu ditu, hala nola Tosta enbaxada, Hitzargiak, Beste hitzak-Other Words, Euskarriak edota In varietate concordia.

Bukatzeko, Donostia 2016k larunbat honetan ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du ostiralean Donostiako Udalarekin elkarlanean antolatutako ekitaldi batekin.

Ekitaldiak Donostia 2016ren proiektuak izango ditu oinarri eta ostiralean ospatuko da udaletxeko osoko bilkuren aretoan.