Landakotik kanpo ere bada azokarik
Landako erakustazokaren lau hormetatik kanpo bada azokarik. Musikak bizi du Plateruena eta aurtengo zuzeneko saioei Willis Drummond taldeak eman die hasiera. Festa giroak bizi ditu inguruko kaleak. Parrandaren epizentroa dira Goienkale eta inguruak. Badakizu noiz sartu, baina atera...
Zalantzak argitzeko gaua zen ostiral gauekoa Plateruenan. Gaur egun Willis Drummond talkatik jaiotako akordea da. Alde batean, taldearen betiko sustraiak. Hardcorea. Indie itxurako doinuak. Beti hozkada basati eta bortitz batekin erlazionatuta, rockaren biolentzia alde batera utzi barik. Eta bestalde, Joseba B. Lenoir gitarristaren presentziak izerdia, estasi koloretsua eta rockaren epika eroa ekarri beharko lioke taldeari.
Laukote moduan kaleratutako lehenengo diskoak, “Tabula Rasa”-k, talka horren berri ematen du. Bertan ezagunak egiten dira taldearen erroak eta betiko solasaldia. Eta Lenoir, kuadrilatero imajinarioaren bestaldean, bere mastarekin burrukan, suak pizten edonon. Estudioan oreka topatu dutela ematen du, baina ideien arteko nahasketa ez da guztiz osatu.
Zuzenekoan, ordea, orekaz harago heldu direla ematen du, nahiz eta oraindik egiteko bidea dagoen. Enborreko kolpeak zuzenean bortitzagoak dira eta zarataren erreinuan Lenoir eta bere gitarra legezko agintariak suertatzen dira. Kanta berriek hobeto funtzionatzen dute eta zaharren artean oraindik eztabaida lasaiak geratzen direla ematen du. Hala ere, Berri Txarrak-ekin batera, gure rock modernoaren funtsezko ordezkariak diren heinean, Willis Drummondek bikain jarraitzen du mugitzen bai diskoan eta bai zuzenekoetan, eta horrela erakutsi zuten Durangon.
Kultura soziala Goienkalen
Larunbata gehi Azoka, emaitza besta segurua da beti. Parrandaren epizentroa Goienkale eta inguruak izaten dira. Badakizu noiz sartzen zaren, baina atera... Jaia gorputzean sartzen denean ederra izaten da. Kultura soziala da. Hala definitu du lankideekin bazkaltzera etorri den Mireiak. Markina-Xemein, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku... Hainbat herritako lagunak elkartu dira. «Duela bi urte hasi ginen Azokarekin batera bazkaria antolatzen, giroa ziurtatua izaten delako».
Bazkalaurreko poteoa hasi berri, batzuk kafesnea eta bertzeak zerbeza hartuz, mugikorrari adi daude denak elkartzeko. Ederki bazkaldu, poteoarekin segitu eta Zea Maysen kontzertura joanen dira Plateruenera, bilbotarrek “Harro” disko berria aurkeztuko baitute. Bazkalorduan hotz dago kaleetan, baina eguzkia bistan eta kanpoan jaten ari dira aunitz. Alde Zaharretik Azokara hurbilduz bada ezagun egin den txoko bat: Centro Palentino Castellano Leones. Aroak barraren bertze aldetik kontatu digu egunotan langile kopurua bikoizten dutela (3tik 6ra) eta bezeroen artean idazle, politikari eta antolatzaileak dituztela. «Beti azaltzen dira gosaltzeko ez bada pintxo bat jateko. Lagunak egin gara», dio. Duela 35 urte sortu zen zentroa. «Etorkinak bertako egin gara eta hemen jarraitzen dugu». Iaz ordu erdiko tartea atera zuen Aroak 5 urteko umearekin Azokan zerbait erosteko, eta aurten bertze hainbertze ateratzea espero duela dio irribarrez.
jende olatua
Kontent da Txikito ere Momotxo tabernako kantoian. Denek agurtzen dute. Tabernako jabea aurki jubilatuko da eta bertze esku batzuetara pasatuko da Momotxo. Zesta-puntako pilotari izandakoak kontatu digu orain dela urte gutxi arte, tren geltokia ondoan zutenean, kale bete jende ikusten zutela olatu bat bezala etortzen. Argiñano ere bezero izan dute eta ateratzen dituzten oilasko hegal bereziak erakutsi ditu telebistan.
Merkatu plazaren inguruan 17. Azoka Alternatiboaren karpa dago. Honen berezitasuna da ez dela komertziala, autogestionatua dela eta ateratzen den dirua proiektuan bertan inbertitzeko edo bertze egitasmo batzuk laguntzeko erabiltzen dela. Gauzak egiteko bertze era bat badela erakutsi nahi dute. Tailerrak dituzte, kontzertuak, mahai-inguruak, haurrentzako txokoa... Horietako batzuk ondoan dagoen Sapuetxen dira. «Guri buruzko estereotipo batzuk daude eta jendeari esan nahi diogu lasai hurbiltzeko, denentzako proiektua dela».