INFO

Atotxan ikurriña itzaletik argira atera zuteneko 40. urteurrena

Espainiar Estatuak ilegalizatuta zuen ikurriña Atotxako berdegunera atera zuten Inaxio Kortabarriak eta Jose Angel Iribarrek 1976ko abenduaren 5ean. 40 urte betetzen dira gaur euskal kirolaren irudirik ezagunenetako bat gauzatu zen egunetik.

Kortabarria eta Iribar, ikurriña eskuan, Atotxan 1976ko abenduaren 5ean.

Euskal derbia zegoen jokoan Atotxan 1976ko abenduaren 5 hartan. Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar, Realeko eta Athleticeko kapitainak ikurriña eskuan zutela zelairatu ziren, taldekide guztiak atzetik zituztela.

Oraindik ilegalizatuta zuen Espainiar Estatuak ikurriña eta oihartzun handia sortu zuen irudiak. Bi taldeen arteko lehia ikurriñaren aldarriak estalia geratu zen. Hilabete bat ondoren, urtarrilaren 20an, ikurriña legalizatu zuen Madrilek.

Ideia Kortabarria berak, Joxean de la Hoz Uranga eta Salva Iriarte errealzaleek jarri zuten mahai gainean, eta Iribarri jakinarazi zioten, zeinek Athleticen aldagelara eraman zuen proposamena. Aho batez onartu eta gero, Reala eta Athletic ikurriña hartuta zelairatu ziren.

Iribarrek, Info 7 Irratian egindako elkarrizketan, une hura «zoragarria eta ahaztezina» bezala definitu zuen. Era berean, «liburu bat idazteko modukoa» zela ere adierazi zuen.