INFO

Aurrekaririk gabeko bide-orria hizkuntza eskubideen alde

Urte eta erdiko lana izan da, gogorra, grinatsua, eta oso emankorra. Ekitaldi solemnean aurkeztu dute Donostian Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Kontseiluak eta Donostia 2016k sustatua, 100 atxikitzaile bertaratu dira, konpromisoa berrestera. Ez du aurrekaririk akordioak, eta amestutakoa posible dela goraipatu dute.

Bertako naiz atzerriko eragileak, protokoloa sinatu berri. (ARGAZKI PRESS)

Hizkuntza eskubideak horixe dira, eskubide. Eta hori diren aldetik, bete eta errespetatzen direla bermatu beharra dago. Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazioa onartu zenetik hogei urtera, urrats bat aurrera eman dute protokoloaren sustatzaile eta sinatzaileek, ausarta bezain beharrezkoa. 185 neurri zehatz ditu osasuna, kultura, hezkuntza eta ekonomia bezalako arloekin lotuta; eta hizkuntza komunitate bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitu ahal izango du dokumentuak erantsita duen kaierari esker. Egingarria da beraz, hala berretsi du oso hunkituta agertu den Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Europan inoiz ez da egin halako parte hartze zabala ahalbidetu eta lortu duen dokumenturik, denen aletxoa kontuan hartu duenik. Horregatik, hizkuntzen eskubideen aldekoa bakarrik ez, elkarbizitza sustatuko duen lana dela adierazi du Bilbaok. «Gaurtik aurrera ozen esan ahal izango dugu mahai gainean bizikidetzaren, aniztasunaren, parametro berrietan oinarritutako Europaren aldeko dokumentu bat jartzeko gai izan garela».

Gaitasunaz, ezinezkoa dirudiena betetzeaz. Horri egin dio erreferentzia oholtzara igo den Joan Mari Torrealdaik. Oroitu du XVI. mendean inork gutxi uste zuela euskaraz idatzi zitekeenik, eta egindako bidea ikustea besterik ez dagoela haiek oker zeudela erakusteko. «Ezina ekinez egina» esamoldeak egoera bete-betean deskribatzen duela iritzita, kolektiboaren gaitasunaz mintzatu da, hots, «kudeaketa onaz lagunduta» badago betiere. Hori izan da, aitortu duenez, ikasi duen lezioetako bat.

Ehun atxikitze baino gehiago, 15 adituren aholkularitza Protokoloari blindaje akademikoa emateko eta 400 ekarpenetik gora. Aurkeztu ez ezik, bertan sinatu egin dute Euskal Herriko eta atzerriko eragileek, hunkituta, harrotasunez liburu urdina airean jasota. Hizkuntzen arteko berdintasuna eskatu dute, eta galdegin zergatik eztabaidatzen diren hizkuntza gutxituentzat handientzat zalantzan jartzen ez diren hainbat egoera eta betebehar.