INFO

Kalejira erraldoian iritsi da Olentzero Bilbora

Eliptika plazatik irten da ostiralean 17.45etan, Kale Nagusia eta Nafarroa kalea zeharkatu ondoren Arriaga plazara iritsi da. Mari Domingi, Basajaun, galtzagorriak eta lamiak alboan izan ditu Olentzerok kalejira ikusgarrian.

Galtzagorrien erdirtik dator Olentzero eta Eliptika Plazan bere zain zeuden txikiak eta nagusiak agurtu ditu. (Monika DEL VALLE | ARGAZKI PRESS)

Aurreko urteetan bezala, Olentzero eta Mari Domingi Basajaunekin zurezko egitura magikoetan agertuko dira: Pottoka, Oka eta Trizikloan (azken hau, opariz betea).

Udaleko Jaietako sailak kalejirarako argi eta koloredun ikuskizuna prestatu du. 80 artista eta 30 teknikari eta logistika langile baino gehiagok parte hartu dute kalejiran, baita galtzagorriek, erraldoiek, zanpatzarrek, trikitilariek edota beste pertsonaia batzuk ere.

Arriaga plazara heltzean, Olentzeroren musika taldeak gutxi gora behera 30 minutuko ikuskizuna eskaini du. Une horretan Olentzerok eta Mari Domingik Arriaga Antzokiaren balkoitik agurtu dute.

Olentzerok Arriaga Antzokian atsedena hartu du gauean eta abenduaren 24an, goizean, 11.00etatik 14.00etara, Olentzerok Arriaga Antzokira gerturatzen diren ume guztiei harrera egingo die.