INFO

Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte, fidantzapean aske

Zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen saiatzeagatik Grezian atxilotu zituzten Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte ekintzaileak aske utzi ditu epaileak, 2.000 euroko berme bana ezarrita, Hibai Arbide kazetariak Igoumenitsako auzitegitik jakinarazi duenez.

Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte, epailearen aurretik pasa ondoren. (@Hibai_)

Greziako Igoumenitsa hiriko epaitegian deklarazioa eman dute Zuluaga eta Huarte euskal ekintzaileek eta, bertan den Hibai Arbide kazetariak Twitter bidez jakinarazi duenez, 2.000 euroko fidantza bana ezarrita aske gelditu dira.

 

Epaileak hamabi eguneko epea eman die bermea ordaintzeko eta bitartean ezingo dute Greziatik atera.

Efe agentziak aipatutako defentsaren iturrien arabera, epaileak ikusi du ez dagoela ihes egiteko asmorik, bi ekintzaileek adierazi baitzuten beraien asmoa dela epailearen aurrean agertzean beren ekimena publikoki azaltzeko.

Igoumenitsako portuan atxilotu zituzten asteazken goizaldean, zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen saiatzen ari zirela. «Legez kanpoko immigrazioa sustatzea» eta errefuxiatuen segurtasuna arriskuan jartzea egozten die Fiskaltzak.

Atxilotu zituztenetik, elkartasun keinu ugari jaso dituzte eta mobilizazio ugari antolatu dira beraian askatasuna aldarrikatu eta Europako Batasunak errefuxiatuen afera kudeatzeko duen modua salatzeko.

Horrez gain, Arartekoak edo Nafarroako Parlamentuak ere babesa adierazi die bi euskal ekintzaileei.