INFO

Espetxeetara martxak egin dituzte, presoei sostengua erakutsiz

Urteko azkenengo egun honetan ere beren sostengua adierazi nahi izan diete presoei ehunka lagunek, Sortuk antolatuta Basauri, Martutene eta Lannemezango espetxeetara egin dituzten martxen bidez.

This browser does not support the video element.


Ehunka lagun bildu dira urteko azken egun honetan euskal preso politikoei beren sostengua erakusteko. Hala, Sortuk deituta, martxak egin dituzte Basauri, Martutene eta Lannemezango espetxeetara. ‘Euskal preso eta iheslariak sorterrira’ lelopean, elkartasuna eraman dute espetxeetako atariraino.

Martxa hauek aurreko asteburuan Zaballara egindakoari jarraipena eman diote. Lannemezanera gerturatutakoen arabera, 200 baino pertsona gehiago bildu dira bertan, baina ekitaldi nagusia Martutenen egin da eta bertan hartu du hitza Arkaitz Rodriguez Sortuko eledunak.

«Besarkada goxo bat bidali nahi diet une honetan kartzeletara bidean izango diren senideei. Asteburuz asteburu bisitarako paketea prestatu eta ehunka kilometro egiten dituztenei beren senideei haien maitasun eta berotasun guztia eramateko», adierazi du Rodriguezek. Modu berean, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak ere gogoan izan ditu.

Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontzeko presoen kaleratzeak duen garrantzitsua nabarmendu du. «Ez dago normalizazio politikoaz hitz egiterik ehunka preso, errefuxiatu eta deportatu politiko dauden artean», gehitu du.

Gabonetako data honek berarekin dakarren ‘Hator, hator etxera’ abestiarekin jarri diote amaiera ekitaldiari.