INFO

Kandelek piztu dute Donostian presoak etxeratzeko aldarria

Kalera Kalera dinamika azken txanpan sartu da eta gaur presoen etxeratzearen aldarrikapenak Donostian izan du hitzordua. Zerotik gertu ibili dira tenperaturak, baina Alderdi Ederretik Haizearen Orrazira giza katea egin dute milaka lagunek, kandela eskuan hartuta.

This browser does not support the video element.


Arratsaldeko 18.45ean jaurti dute suziria eta orduan hasi dira giza katea osatzen Alderdi Ederren eta Haizearen Orrazian. Euskal Herri osotik gerturatu dira milaka lagun: Eibar, Otsagabia, Ugao, Hernani… Tartean, hotzari aurre eginez, haur, gazte nahiz helduk, kandelak eskutan zituztela, askatasunaren aldarria zabaldu dute. «Aldarrikapena kalera atera behar den guztietan alboan izango gaituzte», adierazi diote NAIZi parte-hartzaileek. Gaurko egunez bazkalostean mahai askotan egon den roskoa ere banatu dute, arratsaldea goxotu eta presoen eskubideen alde elkartasuna jasotzeko.

Bi muturrak alde berean abiatu dira bakea eta askatasunaren aldeko aldarriekin. Bidean, ordularietara gerturatzen ziren neurrian, jendea batuz eta batuz joan da, txalo artean, euskal presoak berandu baino lehen etxeratzeko aldarriekin.

Jon Maiaren bertsoek ireki dute amaiera ekitaldia. Oholtzan oroitu dute Juan Mari Olanok eta Oihana Garmendiak Aieteko Adierazpenak bost urte bete arren, estatuek bere horretan tematuta jarraitzen dutela, are gehiago, atzerapausuak eman direla. Euskal jendarteari amore ez emateko eskatu diote. «Jendarte osoarekin egin nahi dugu ibilbidea, edota arrakastarik ez du izango», ohartarazi dute. Paris eta Madrilen jarreren inguruan esan daitekeen hitzik gozoena «higuingarria» dela iritzita, Kalera Kalerak bakea eta askatasunaren aldeko apustu irmoa egin duela berretsi dute. «Apala baina sendoa».

Igandean, bukaera

Abenduaren 10ean Kalera Kalera dinamika abiatu zenetik 500etik gora preso ohik parte hartu dute Usurbilgo Kaleragunean egin diren hamaika ekitaldietan, eta mila lagun inguru izan dira han babesa ematen.

Dinamikari bukaera emateko ere festa handia antolatu dute bihar gauerako, kontzertu sorta batekin. NAIZen Agendan xehetasun guztiak.

Usurbilez gain, Kalera Kalera Euskal Herriko beste hamaika txokotara zabaldu da eta 40.000 lagunetik gora parte hartu dute han hemenka antolatu diren ekitaldietan.

Igandean emango diote bukaera Usurbilen, goizean, preso eta iheslari ohiek egingo duten agerraldiarekin.