INFO

Termometroek zero azpitik jarraituko dute asteburuan

Asteburuan ere termometroek zero azpitik jarraituko dute Euskal Herri osoan eta izozteengatik abisu horiak indarrean jarraituko du. Agurainen zero azpitik bederatzi gradu neurtu dituzte gaur. [Eguraldiaren xehetasun guztiak]

Bi gradu zero azpitik Donostiako Tolosa Etorbidean. (NAIZ)

Hotz galantarekin jarraituko dugu datozen orduotan eta asteburuan Euskal Herri osoan, Euskalmetek eta Aemeten aurreikuspenen arabera.

Goizaldean zeropeko tenperaturak izan ditugu herrialde osoan eta goizean zertxobait epeldu duen arren, iluntzean berriro behera egingo dute termometroek eta asko hoztuko du.

Agurainen neurtu dira gaur tenperaturarik hotzenetakoak, -9,1º. Abetxukon, Gasteizen, -7º izan dituzte; Lasarte-Orian, -2,6º; Bizkaian, tenperaturarik baxuena Arteagan neurtu dute, -2,4º. Nafarroan, Uztarrotzen -5º izan dituzte; Iruñean -3º eta Lizarran -2º. Eta Lapurdin, Urruñan -2º neurtu dituzte.

Biharko tenperaturak zertxobait jaitsi daitezkeela iragarri dute.