INFO

EITB «euskaldun, independente eta kalitatezko» bat proposatu du EH Bilduk

EH Bilduk EITB eredu berri bat birpentsatzeko eztabaida proposatu die EAJ, Podemos eta PSEri. «Hurbiltasuna, inpartzialtasuna, aniztasuna, objektibotasuna eta independentzia» markatu dituzte EITB berriaren ardatz moduan.

Jasone Agirrek eta Unai Urruzunok aurkeztu dute EITB birpentsatzeko EH Bilduk egin duen proposamen. (EH BILDU)

EH Bilduk EITBren birfundaziorako ardatzak aurkeztu ditu gaur, eta EITBren eredu berri bati buruzko eztabaidari heltzeko oinarriak barne biltzen dituen eta EAJ, Podemos eta PSEri jada helarazi dien agiriaren berri eman du. Jasone Agirrek eta Unai Urruzunok prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, «EITB berria proposatzen dugu, kalitatezkoa, euskalduna eta independentea». EITB birpentsatzeko erronka mahai gainean jarri dute.

EH Bilduko legebiltzarkideen iritziz, «1982an EITB Sortzeko Legeak ezarri zuen eredua desfasaturik dago eta gaur ez die behar bezala erantzuten herri honek ikus-entzunezkoen sektorean dituen premiei». Gizartea eta komunikazio arloa aldatu den bitartean EITB «atzean» geratu dela iritzi du koalizioak eta legealdia hau «EITBren birfundazioarena» izan dadila nahi du.

«EITBren ereduari buruzko eztabaidari heltzea ezinbestekoa da, parte-hartzailea izan behar duen prozesu hori abian jartzea eta, luzea izango dela jakinda». Horregatik 2022 urtea markatu dute jomuga, 40. urteurrena «EITB berrian» ospatze aldera.

EAJ, Podemos eta PSEri helarazitako ezabaida proposamenean «hurbiltasuna, inpartzialtasuna, aniztasuna, objektibotasuna eta independentzia» markatu dituzte ardatz.

Era berean, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legearen beharra planteatu dute, bai eta informazio agentzia publikoa sortzeko komenigarritasuna ere, «hurbiltasunean sakontzeko lagungarria» izango litzatekeelakoan.