INFO

Herrian jazotako eraso matxista gaitzetsi du Zornotzako mugimendu feministak

Iragan hilaren 6an eman zen eraso matxista Zornotzan. Horren harira, emakumeen aurkako eraso fisikorik ez duela onartuko adierazi du mugimendu feministak, gisa honetako erasoak emakume guztien aurkakoak direla gogoratuz.

Zornotzako mugimendu feministako kideak, agerraldian. (NAIZ.EUS)

Iragan hilaren 6an eraso sexista bat jasan zuen neska batek Zornotzan. Gertaera honen harira bere irakurketaren berri emateko prentsaurrekoa egin du herriko mugimendu feministak.

Euren irakurketan adierazi dute aipatu erasoa gaitzesten dutela: «Ez dugu mota horretako jarrerarik onartuko. Ez dugu emakumeon aurkako eraso fisikorik onartuko. Ez dugu guganako kontrolik onartuko, ezta mehatxu, gehiegikeria edota irainik ere».

Zentzu horretan, jarrera matxistekin amaitzea «guztion» ardura dela aldarrikatu dute, eta txalotu egin dute emakumeak erasotzaileari aurre eginez epaitegira jo eta salaketa jartzeko izan duen adorea: «Berak egin duen moduan, guk gaur, publikoki eta zornotzar guztien aurrean, salatu nahi dugu erasoa».

Erasoa «emakume guztien aurkakoa» dela eta, erantzun kolektiboa emateko deia luzatu dute.