Sendagiria jasota, Valverderen esanetara dago Yeray
Ebakuntzaren osteko zauria «inolako arazorik gabe» sendatu denez, gainerako taldekideekin batera normaltasunez entrenatzeari ekin dio Yeray Alvarezek eta Ernesto Valverde Athleticeko teknikariaren esanetara dago. «Ahal bezain laster jokatzen hastean pentsatzen dut», esan du jokalari gazteak.
Ohar bidez Athleticeko zerbitzu medikuek jakinarazi dutenez, barrabilean atzeman zioten tumorea kentzeko Yeray Alvarezi egin zioten ebakuntzaren osteko zauria «inolako arazorik gabe» sendatu da eta «ona» izan da jokalariaren bilakaera.
Hortaz, gainerako taldekideekin batera normaltasunez entrenatzen hasi da jokalari barakaldarra eta Ernesto Valverde entrenatzailearen esanetara dago.
Lezaman prentsaurrekoa eskaini du gaur eta, baieztatu du «ahal bezain laster jokatzen hastean» pentsatzen duela.
Hiru astez geldi egon ostean lanera itzultzea «gogorra» egin zaio, baina ondo dagoela azpimarratu du. Denbora honetan jaso duen babesagatik esker ona adierazi du.