INFO

Bilboko Udal Musika Bandak Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratuko du urteko lehen kontzertuan

Bilboko Udal Musika Bandak 2017. urteko lehen kontzertua eskainiko du igandean, urtarrilaren 22an, Euskalduna jauregian, eta Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratuko du, «Bidaia Gernikara (LXXX.urteurrena)» izenburupean.


Emanaldia eguerdiko 12.00etan hasiko da eta banda bilbotarraren zuzendari titularra den Jose R. Pascual-Vilaplanak zuzenduko du. Gorka Hermosa akordeoi jotzailea, BilbaoMusika erakundearen abesbatza, Bilboko Txistularien Banda eta Mercedes Albaina aurkezlea kolaboratzaile gisa arituko dira.

Interpretatuko dituzten piezen artean daude David Jason Snow estatubatuarraren ‘Guernica’ (estreinaldia Europan) eta Gorka Hermosaren ‘Gernika. 26/4/1937’ (estreinaldia Euskal Herrian). Gainera, Bilboko Udal Musika Bandak lehen aldiz joko ditu Miguel Asins Arboren ‘Suite 1936’, Jan Hadermannen ‘Guernica’ eta Benjamin Brittenen ‘War & Death’.

Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna jauregiko txartel lehiatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank erakundearen zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira, bost euroko prezioa.