INFO

25 urtetik beherako herritarren %75a 2020an euskalduna izatea da Lakuaren helburua

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 25 urtetik beherako herritarren %75a 2020. urtean euskalduna edo elebiduna izatea da Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren helburua, Bingen Zupiria sailburuak jakinarazi duenez.

Bingen Zupiria eta Joxean Muñoz, Parlamentuan egin duten agerraldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Zupiriak bere lehen agerraldia egin du Gasteizko Legebiltzarrean, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak datozen lau urteetarako finkatu dituen helburu eta konpromiso nagusien berri emateko. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Miren Arzalluz Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari nagusia ere agerraldian izan dira.

Aurreko legegintzaldian egindakoa goraipatu ostean, Kultura eta Hizkuntza Politikaren inguruan sail bereizi bat sortzeko Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren apustua balioan jarri nahi izan du Zupiriak. «Lehendakariak eta Jaurlaritzak berak Kulturaren eta Hizkuntza Politikaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute beren inguruan sail berri bat sortuz. Kontuan hartzekoa da, eta igarri egingo da», nabarmendu du.

Horrekin batera, legebiltzarkideei «elkarlan zintzoa» eskaini eta eskatu die, eta beste erakundeekin batera lan egiteak duen garrantzia nabarmendu du. Aldundiei, udalei, Nafarroako erakundeei eta Ipar Euskal Herrian sortu berri den Euskal Elkargoari dei egin die horretarako. «Herri politikak eraginkorragoak izan daitezen, behar beharrezkoa da erakundeek elkarren berri izatea eta beren ahaleginak partekatzea», ziurtatu du.

Bere hitzetan, «eszenatoki aproposa daukagu pauso argiak emateko euskal kulturari eta euskarari dagokienez. Atzean geratu dira testuinguru politiko latzak eta errespetu ezak dena zipriztindu egiten zuten garaiak, eta egoera berri hau baliatu egin behar dugu legegintzaldi honetan».

Hizkuntza politikan «adostasuna eta elkarlana» azpimarratu ditu sailburuak, eta balioan jarri du azken hamarkadetan lortutakoa. «Atzera begira jartzen garenean, orduan ohartzen gara egindako bideaz. Euskararen bilakaera soziala ez da, gure erkidegoan behintzat, galeraren kronika bat, baizik eta etengabeko hazkunde baten historia. Euskararen osasuna askok aitortzen diotena baino hobea da, eta askok nahi genukeena baino ahulagoa», adierazi du.

Horrela, aurrera goazela esan du, «indartsu gainera», baina, egindakoa ez dela «inola ere bertan goxo geratzeko aitzakiatzat hartu behar». «Euskararen hazkunde hori sendotu eta jarraitzen laguntzea da gure eginkizuna», gaineratu du.

Lau konpromiso

Ildo horretan, aurrera egiten jarraitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hainbat neurri eta lau konpromiso iragarri ditu. Alde batetik, euskararen hazkunde soziala sendotzea aipatu du, «herritarren artean euskaldunen kopurua handituz eta euskaldunen hizkuntza gaitasuna hobetuz».

Halaber, aisialdian eta esparru funtzional ez formaletan euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu du, eta herritarren hizkuntza eskubideen bermean «eraginkortasunez» aurrera egitekoa, hala esparru publikoan nola pribatuan. Gainera, lurralde desberdinetako euskararen erakundeen arteko lankidetza artikulatu eta indartu nahi dituela iragarri du, baita euskara nazioartean aintzat hartzea sustatu ere.

Lanbide heziketan B eta D ereduak indartzea, helduentzako euskalduntzean doakotasuna lortzeko prozesuan sakontzea (B2 mailara arte), euskara teknologia berrien esparruan bultzatzea edo hizkuntzari hedabideetan ateak irekitzea izango dira sustatuko diren neurrietako batzuk.

Horrez gain, Zupiriak esan du herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bultzada emango zaiola langile publikoak euskaraz gaitzeari, batez ere Osakidetzan, Ertzaintzan eta Justizian. Elebide zerbitzua ere indartuko dela azpimarratu du, eta euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzen duen geografia eremua indartzeko neurriak hartuko direla.

Bestalde, Bingen Zupiriak tarte berezia eskaini dio Etxepare Euskal Institutuari bere agerraldian, eta legealdi honetan bere rola «Euskadiren kultur diplomaziarako tresna gisa» sendotuko dutela esan du. Horretarako, nazioarteko kultura sare estrategikoetan Euskadiren herrialde mailako ordezkaritza zuzena bultzatuko dute, «Euskadik, Etxepareren bidez, nortasun eta ahots propioa izan dezan».

Institutua euskal sortzaileei eta enpresei nazioartekotzeko laguntza eta babesa emateko baliabide garrantzitsua izango dela esan du. «Diziplina guztietako sortzaileen lanak kanpoan sustatzea xede duten diru laguntza lerroei jarraipena emango diegu. Eta nazioartean egiten diren sorkuntza arlo anitzetako azoka eta foroetan ere esku hartuko dugu», adierazi du Zupiriak.