INFO

Emakume bat zapaldu zuen garbiketa makinak ez zeukan alarma akustikorik

EH Bilduk salatu duenez, Bilboko Udal Gobernuak ezkutatu egin zuen atzoko agerraldian, Deustuan emakume bat harrapatu zuen garbiketa ibilgailuak ez zeukala soinu alarmarik atzerantz egiterakoan.


Izaskun Guarrotxena, EH Bilduko zinegotziak, Udal gobernuak kalea garbitzeko makinen inguruan datuak ezkutatu dituela salatu du komunikabideetara igorritako oharrean.

«Deustuan gertatutako istripu larriaren inguruko agerraldia egin eta egun batera jakin dugu makinak ez zeukala alarma akustikorik atzera egiterakoan. Oso larria da Ricardo Barkala zinegotziak horrelako datu garrantzitsu bat ezkutatu izana», azpimarratu du Guarrotxenak oharrean.

«Uste dugu segurtasun sistema hori gabe kale-garbitzeko makinak oinezkoentzako guneetatik pasatzen utzi duenak ardura bere gain hartu beharko lukeela eta kargua utzi», azaldu du Guarrotxenak.

«Informazioa ezkutatzeak arduratzen gaitu, baita ere azpikontratatutako zerbitzuen eta kontraten inguruan dagoen kontrol ezak. Gertakari honek argi uzten du, beste azpikontratatutako enpresa batzuekin gertatu den bezala, Gobernuak ez daukala inongo kontrolik kanporatutako zerbitzuen gainean», salatu du zinegotziak.

EH Bilduk alarma sistema hori zenbat kale-garbitze makinek ez daukaten galdetu dio Ricardo Barkala zinegotzari eta Gobernuak zer nolako epea ezarriko duen makina guztietan jar dezaten galdetu du. Horrez gain,u segurtasun sistema hori ez daukaten makinak oinezkoen guneetan ez erabiltzea eskatu du, herritarren segurtasuna bermatzeko.