INFO

Donostiako metroaren inguruko hausnarketa ireki eta parte-hartzea bermatzeko eskatu du EH Bilduk

Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren azken txostenak Donostiako metroaren pasanteak izango lukeen bidaiari kopurua berriro murriztu eta gero hausnarketa egin eta parte-hartzea bermatzearen beharra azpimarratu du EH Bilduk. Txostenaren arabera, kaltetu nagusia Dbus litzateke, urtean 3,4 milioi bidai gutxiagorekin, urtean 2,2 milioi euroko galera ekarriko lukeena.

Axier Jaka zinegotzia eta Jon Albizu batzarkidea, Donostian egindako agerraldian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Axier Jaka Donostiako zinegotziak eta Jon Albizu batzarkideak agerraldia egin dute Gipuzkoako hiriburuan, metro pasantearen inguruan EH Bilduk egiten duen irakurketaren berri egiteko.

GARAk aurreratu zuen Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren azken txostena izan dute aipagai, zeinaren arabera metro pasanteak 19 milioi izango lituzke. Kontu honen inguruan izan den «zifra dantza» gaitzetsi dute, azpimarratuz EAJk eta PSEk ere ez dakitela zenbait bidaiari izango lituzkeen.

Txosten horren arabera, Dbusek 3,4 milioi bidai gutxiago egingo lituzke urtean, 2,2 milioi euroko galera ekarriko lukeena.

«Eneko Goiaren gobernuak ezin die ezkutatu donostiarrei nolako eragina izango lukeen metro pasanteak Dbuseko zerbitzuetan», azpimarratu du Jakak.

Zentzu horretan, Donostialdeko mugikortasunaren inguruan eztabaida «ireki eta gardena» martxan jartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute.