INFO

Galtzerik merezi izan ez duen Osasuna mendean hartu du Realak (3-2)

Haizea eta kaskabarra zain dira gaur protagonista Anoetan, eta ia eman du ezustekoa Osasunak. Markagailua irauli egin behar izan du Realak porrota baino zerbait gehiago lortzeko merituak egin dituen talde iruindarraren aurka. [Neurketako xehetasunak]

Juanmik egin du Realaren hirugarren gola. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Txapeldunen Ligako postuen borrokan eta atzeko zulotik atera nahian dabiltzan bi talde izan dira igande arratsalde honetan aurrez-aurre Anoetan: Reala eta Osasuna. Ustez neurketa erraza txuri-urdinentzat, baina ez da halakorik ikusi Donostian, neurketaren zati handienean gorritxoak izan baitira nagusi.

Hobeto zelairatu dira bisitariak Anoetan, klimatologia eta zelaiaren egoerara egiten hobekiago asmatu baitute. Hala, neurketan aurreratzeko bezain aukera garbia izan du Kodrok 13.ean, baina ondo aritu da Rulli jaurtiketa desbideratzen. Euria goi eta behe, bigarrengoan bai, bigarrengoan asmatu du Osasunako aurrelariak eta 25. minutuan bere taldea aurretik jarri du markagailuan.

Huts eta batekoarekin iritsi da neurketa, beraz, atsedenaldira, Realak ez baitu inolako arriskurik eragin gaur bere debuta zuen Siriguren atean. Eta bigarren zatia hasi bezain pronto, gainera, bigarrena egiteko aukera paregabea izan du Osasunak, atepetik atera baitu baloia Illarramendik.

55. minutuan, baina, aldaketa egin du Eusebiok, Granero kendu eta Zurutuza zelairatuz. Aldaketa honek neurketaren nondik-norakoa goitik behera aldatu du. Esaterako, berdinketaren gola egin dute txuri-urdinek 62.ean, Navasek korner bat errematatu ostean. Eta hamar minutu beranduago lortu dute etxekoek neurketan aurretik jartzean, Oyarzabal eta Velaren arteko jokaldi aparta bikain amaitu baitu mexikarrak.

75. minutuan, berriz, beste aldaketa garrantzitsu bat egin du Realeko entrenatzaileak, Juanmi zelairatuz. Zelaian hanka bat jarri eta bi minutura egin du bere gola aurrelari txuri-urdinak, partidua etxekoen alde bideratuz.

Osasunak ez du etsi baina, eta markagailuan distantziak murriztu ahal izan ditu Sergio Leonek 79.ean egin golarekin. Bi minutu beranduago langara jaurti dute bisitariek. Hortik aurrera, ordea, ez da neurketa gehiagorik egon. Zerbait aipatzekotan esan Anoeta argirik gabe geratu dela instant batez, nahiz eta arazorik gabe jokoak jarraitu ahal izan duten.

Errepasatu partidak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZ-en webgune berezian.