INFO

«Guernica» Gernikara ekartzeko ekimen instituzionala abiatuko du EH Bilduk

Euskal Herrian, Gernikan zehazki, nahi du EH Bilduk Picassoren 'Guernica' margolana. Hori hala, instituzioetan garatuko duen ekinbidearen berri eman du koalizioak prentsaurrekoan.

EH Bilduko zenbait kide, margolanaren muralaren aurrean. (NAIZ.EUS)

'Guernica' margolanaren muralaren parean agerraldia egin dute EH Bilduko hainbat kidek, Pablo Picassoren margolana Euskal Herrira -Gernikara, zehazki- ekartzeko ekimen instituzionalak abiatuko dituztela adierazteko.

Aipatu ekimenen artean, mozioak aurkeztuko ditu koalizioak udaletan, eta ekimenak Batzar Nagusietara, Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarretara eta Madrilgo Kongresura ere eramango dituzte.

Jasone Agirre legebiltzarkideak adierazi du aipatu margolanak ez duela «zentzurik» Gernika eta bere historiari lotua ez badago: «'Guernica'-k Gernikan egon behar luke». «Sufrimendu guzti-guztien aitortza egingo duen memoria bat eraikitzea ezinbestekoa den honetan, margolan hau Gernikan izateak bere indarra eta salaketaren sakontasuna biderkatu egiten duela aldarrikatu nahi dugu», gaineratu du.

Zentzu horretan, gaur arte Madrildik eman diren erantzunak salatu ditu, zeinak arrazoi «teknikoak» erabili dituen margolana Euskal Herrira ez ekartzeko.