INFO

Lursailak zulatuta badaude, basurdeak dabiltzan seinale

Basurde gehiegi dagoela onartu izan dute administrazioek azken urteetan, eta horiek kontrolatzeko modu bakarra ehiza omen da. Ehiza ondo kudeatzen ez denean sortzen dira arazoak baserritarrekin, urte osoko uztak suntsitzen baitizkiete.


Berlingo kaleetan basurde bat paseatzen agertu zen duela gutxi. Hiritarrentzat irudi polita eta bitxia izan zen, kalean halako piztiak ikustea ez delako ohikoa. Baina animalia basati hauek hirira iristen direnerako, basotik gertuago dauden guneetan arazoak daude. Baserritarrak izaten dira basurde eta beste animalia basati batzuk hain erritmo bizian ugaritzearen kaltetu nagusiak.

Gaur egun landa-lan gutxiago dago eta basoetako goiko parteak sastrakaz beteta daude. Hala, animaliak beherago joaten dira jateko bila. Gainera, gero eta animalia gehiago dagoenez janaria topatzea zailagoa egiten zaie. Jateko ugari aurkitu ohi dute nekazaritza guneetan. Alde batetik, soroak garbiak daude eta lurraren azpian sustraiak bilatu ditzakete, eta bestetik, baratzetan erakargarriak diren elikagaiak eskuragarri dituzte.

Horrela, gauean gerturatzen dira basurdeak jatera eta egun argiz baserritarrak euren eremuetan egin duten txikizioaz ohartzen dira. Arazo hau orokorra da, Europa osoan ari baitira nabarmenki ugaltzen animalia basatiak, baina gure inguruan ere adibide zehatzak aurkitu ditzakegu. Esaterako, Debagoienean egoera bereziki larria da eta hori salatzeko Arrasateko Udala auzoan elkartu ziren atzo EHNE eta ENBA sindikatuetako ordezkari eta baserritarrak.

«Ezin dugu negurako belarrik ganoraz bildu, basurdeek larreak harrotu dizkigutelako. Ezin ditugu gure uztak jaso, haiek jan egin dituztelako», irakurri zuen EHNEko Garikoitz Nazabalek zuloz betetako zelai batean. Izan ere, animaliek muturra belarraren azpian sartzen dute eta substratua irauli egiten dute. Iraulita gelditzen den belar edo lur zati horrek ez du ezertarako balio, abereek ezin dutelako jan eta makinekin ere ezin dutelako jaso.

«Arazoa denona da eta gero eta larriagoa bihurtzen ari da. Ez dugu basurdea desagertzerik nahi, baizik eta gainpopulazioa kontrolatzea», aipatu zuen Nazabalek. Arazoa denona dela diote, beraiei uztak izorratu ez ezik, gainerakoentzat ere errepidean arazoak eragiten ari direlako. Animalia bat autoarekin harrapatuz gero, autoan egindako kalteez ez da ez aseguru etxea (klausula hori kontratatuta izan ezean) ez beste inor arduratzen.

Une honetan dagoen irtenbide bakarra ehiza da. Diputazioak ehizarako baimenak eskuratzeko lehiaketa publikoa egiten du eta beti Gipuzkoako Ehiza Federazioak eskuratzen du baimen hori. Honen lana da gerora gune bakoitzean ehizatu ahal izango duen ehiztari kuadrilla izendatzea.

Baserritarrek esandakoaren arabera, beste eskualde batzuetan basurde populazioa kontrolpean dago ehiztariek euren lana betetzen dutelako, baina Arrasateko ehiztariek ehizaldi gutxi antolatzen omen dituzte. «Ehiza baimenek eskubide batzuk ematen dituzte, baina baita betebehar batzuk ere; animalia kopurua kontrolpean mantendu behar dute», esan zuen sindikatuko kideak.

«Gaueko txandako langileak»

Konponbidea beste herri bateko ehiztari kuadrillak izendatzea izan daiteke. «Kudeaketa federazioaren ardura da eta berdin zaigu nola egiten duten edo nor ekartzen duten ehizatzera», azaldu zuten, «Aldundiak eta ehiza federazioak hitzarmen bat sinatuta dute kontrol hori egiteko eta exijitzen dugu bertan idatzitakoa bete dadila», azpimarratu zuen Nazabalek. Parke naturaletan ehizatzeko baimenak ematea ere beste aukera bat izan daiteke. Bertaratutako baserritar batek esan zuenez, «parketan bizi dira animaliak baina ehiztariek ezin dute bertan ehizatu».

Zenbat animalia dauden kontrolatzea zaila da. Erregistroan zenbat animalia ikusi diren eta zenbat ehizatu diren apuntatzen da. Hala ere, hori ez da zenbaketa zuzen bat, ehizatu edo ikusi ez diren ale asko dagoelako (bikoitza, gutxi gorabehera). Iaz, Gipuzkoan, 1.300 basurde ehizatu ziren eta hala ere populazioa haziz doa. Horregatik, nekazaritza guneetan egiten dituzten sarraskiak ekiditeko gehiago ehizatu behar direla uste dute. «Belardietan eta uztetan izandako kalteak konpontzeko prest gaude, baina berriro gertatuko ez delako bermerik ez digute ematen. Azken denboraldian gero eta kalte gehiago dago eta animalia gehiago ikusten dira», aipatu zuen ENBAko Iñaki Goenagak. «Gaueko txandan etorri dira langile finak», zioen zulatutako lursail baten jabeak. Bertara doan bidexkako lokatzean oinatzak ikusten ziren. Egoera honen aurrean baserritarrek ezin dute gauza askorik egin, animaliak ehizatzeko baimenik ez dutelako.

Buruari bueltak emateko garaia da, arazoari benetako eta behin betiko irtenbidea aurkitu ahal izateko. Ezin dituzte animaliak hil, baina agian bai uxatu…