INFO

Ehunka errenteriar, Aitzol Gogorza etxera ekartzeko bat eginik

Agerraldi oso jendetsua burutu da larunbat eguerdi honetan Errenteriako Herriko Plazan, gaixorik den Aitzol Gogorza behingoz aska dezaten aldarrikatzeko. Adin, ideologia eta lanbide ezberdinetako auzokideak batu ditu Sarek, 300 lagunetik gora, elizako eskaileretan, «honetarako denak, bai denak, beharrezkoak garelako. Eta ziur gaude lortuko dugula».

Agerraldi jendetsua izan da larunbat eguerdi honetan Errenterian egin dutena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Azken garaiotan egin den agerraldi jendetsuenetarikoa izan da gaur eguerdian Oreretako Herriko Plazan egin dena, bertako Sareren deialdiari erantzuten. «Aitzol etxera» izan dute aldarri, gaixotasun larria izan arren oraindik ere Gogorza auzokidea espetxean gatibu dutelako. Datuak aski argigarriak dira: 27 aldiz eraman behar izan dute erietxera, bi tronbolismo jasan ditu, dagoeneko 19 urte bete ditu preso eta pasa den astean lau eguneko baraualdia egin zuen, bere egoera berriro salatzeko.

«Zerk bultzatzen du pertsona bat, horrelako egoeran egonda, gose greba egitera? Zergatik Estatuak ez du bere lege propioa betetzen?», ozen galdetu du Oreretako Sarek. Bere aldarrikapena hauxe da: 100.2 artikulua aplikatuz, espetxealdi arindua onar diezaiotela Gogorzari.

«Oreretako Sare jaio zenetik, pertsona ezberdinen arteko zubiak eraikitzen ari da Aitzolen askatasunaren alde. Eta hala jarraituko dugu. Gose greba bertan behera utzi duten arren, bere egoerak larria izaten jarraitzen du. Horregatik, norberaren ideologia alde batera utzita, Aitzolen giza eskubideak errespetatuak izan daitezen, beharrezkoa da indar guztiak metatzea», adierazi dute agerraldian. Batuketa ahalegin hori arrakastatsua izaten ari dela frogatzen zuen irudiak.