INFO

Europan egoteko merituak eta puntuak pilatzen jarraitzen du Eibarrek (3-0)

Nagusitasun handiz gailendu zaio Eibar Malagari. Baloiaren jaun ta jabe izan dira armaginak eta lehen zatiaren amaieran eta bigarreanaren hasieran egindako hiru golekin beste hiru puntu eskuratzea lortu du. Zazpigarren jarraituko dute Mendilibarren mutilek, Europan sartzeko lehian buru-belarri sartuta. (Partidak utzitako zenbakiak).

Ospatzeko moduan dabil Eibar. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Maila bikainean jarraitzen du Eibarrek. Aurreko jardunaldian Sevillaren aurrean galdu zuen arren, garaipenaren bidera itzuli dira armaginak, eta ez nolanahi gainera. Goitik behera nagusitu dira Ipuruan Malagaren aurrean, eta beste hiru puntu bereganatu ditu.

Lehen zatian baloiaren jabe ziren Mendilbarren mutilak, baina azken metroetan aukera garbiak sortzea kostatu zaio. Pedro Leonek erdiraketa bat baino gehiago sartu du, arrisku handiz, baina zentimetro gutxi batzuk falta izan zaizkie aurrelariei.

Baina lehen zatia amaitzear zegoenean, 43. minutuan, jokaldi bikaina lotu du Eibarrek. Sergi Enrich bakarrik geratu da Kameniren aurrean, baina jaurtitzeko aukera paregabea zuenean, baloia Adriani utzi egin dio eta honek sareetara bidali du baloia.

Eta lehen zatiko nagusitasuna aldageletatik bueltan gauzatu du. 48. minutuan Adrianek taldearen eta bere bigarrena egin du penalti puntutik. Penaltia argia egin diote Pedro Leoni. Eta 51. minutuan Anaitz Arbillaren erdiraketa batean (oso erdiraketa onak atera ditu gaurkoan) Enrichek hirugarrena egin du boleaz.

Hortik aurrera lasaitasuna. Eibarrek derbia dauka Realaren aurka lau egun barru, eta horretan pentsatzen jarri dira.