INFO

Autogobernua eguneratzeko ponentzia osatu da Gasteizko Legebiltzarrean

Gasteizko Legebiltzarrean gaur osatu da estatus politikoaren erreforma aztertuko duen Autogobernu Ponentzia. Hamabost eguneko epean lan ildorako proposamenak aurkeztekotan geratu dira alderdiak.

Augobernu Ponentzia osatzeko bilera egin dute alderdiek. (Juanan RUIZ/RUIZ)

Autogobernu Ponentzia osatu da gaur goizean Gasteizko Legebiltzarrean. Bilera formala izan da eta foro horrek jarraitu behar duen lan ildoaren inguruko proposamenak hamabost eguneko epean aurkezteko konpromisoa azaldu dute alderdiek. Bukaeran ez dute adierazpenik egin.

EAJko Jone Berriozabalek jarraituko du ponentziaren koordinatzaile gisa –aurreko legealdian ere bera zen–. Joseba Egibar eta Iñigo Iturrate jeltzaleak, EH Bilduko Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno eta Pello Urizarrek; Elkarrekin Podemos alderdiko Lander Martinez, Cristina Macazaga eta Jon Hernandezek; PSEko Idoia Mendia, Jose Antonio Pastor eta Eneko Anduezak; eta PPko Carmelo Barrio, Borja Semper eta Anton Damboreneak osatuko dute organo hori.

Autogobernu Ponentziak Gernikako Estatutuaren erreforma eta «Euskadiko autogobernuaren eguneratzea» aztertzea izango du xede, betiere ordenamendu juridikoaren eta herritarren borondatearen «errespetutik» abiatuta.