INFO

Zezenketen inguruko kontsulta ahalbidetzeko ekintza konkretuak eskatu dizkio EH Bilduk Goiari

Donostian zezenketen inguruko galdeketen alde «elkarrekin sakontzeko beharra» adierazi dio EH Bilduk Eneko Goia alkateari. Era berean, «errekurtsoaren azterketari heltzeko prestutasuna» agertu du koalizioak.

Zezenketen aurkako protesta Ilunben, abuztuan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostian zezenketen inguruko galdeketa egiteko aurrera pausoak ematea eskatu dio EH Bilduk Eneko Goia alkateari. «Kontsulta hori aurrera eramatea helburu, aukera desberdinetan sakontzea ezinbestekoa jotzen dugu gure taldean. Behar hori baloratuta, gaur goizean formalki helarazi diogu Eneko Goia alkateari bildu eta elkarrekin aztertzeko gure eskaera, Alkate bezala konpromiso horrekiko izan duen jarrera eta gaiak duen urgentzia kontuan hartuta», adierazi du koalizioak ohar baten bidez.

Donostiarrei galdetzeko konpromisoari udal talde guztiek «tinko heltzeko asmoa» agertu dutela azpimarratu du EH Bilduk. «Baina eskaera ailegatu zenetik kanpo oztopo ugari agertu dira kontsulta burutzeko bidean, bai kontsulta bai arestian aipaturiko konpromisoa kolokan jartzeraino ere».

Bide horretan, «elkarrekin sakontzeko beharra» nabarmendu du EH Bilduk, eta kontsulta aurrera eramateko dauden «alternatiba desberdinak konpartitu eta baloratzea» eskatu dute, baita espainiar Gobernuak kontsultaren aurrean emandako ezezkoaren aurrean errekurtsoa jartzeko aukerak aztertzea eskatu dio Goiari.

Modu berean, galdeketaren aldeko plataformarekin harremanak bideratzea ere eskatu dio. «Beraz, Ministro-Kontseiluak emaniko ezezkoari nola erantzun, eta errekurtsoaren azterketari heltzeko prestutasuna agertu nahi izan dugu», gehitu dute.