INFO

Errenteriako gazteen gurasoek helegitea jarriko dute, Entzutegi Nazionalak kasua onartu ostean

Iruñean martxoaren 11n atxilotu eta espetxeratutako gazteen gurasoek helegitea jarriko dute, atzo espainiar Entzutegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak kasua bere gain hartzea onartu eta gero. «Oraindik ere badugu esperantza Nafarroako Auzitegiak helegitea onartzeko», adierazi du gurasoetako batek.

Gurasoek deituta, manifestazioa egin zuten Errenterian, gazteen askatasuna aldarrikatuz. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Patxi Petrirena, Iruñean hilaren 11n atxilotutako Errenteriako gazteetako baten aita, elkarrizketatu egin dute Euskadi Irratian. Nafarroako Auzitegian helegitea jartzeko epea bihar amaitzen dela jakinarazi du eta gaur bertan edo bihar jarriko dutela iragarri.

Senideak bizitzen ari diren egoera zaila azpimarratu du. «Ez gaude ondo gertatzen ari denarekin», baina hala ere, «aurrera egiteko indarrez» daudela nabarmendu du.

Espainiar Entzutegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak atzo auzia beregain hartzea onartu zuen, eta, nahiz eta «berri gogorra» izan zela aitortu, Petrirena ez da harrituta agertu: «Hasieratik, autoa ikusi genuenetik, beldur hori geneukan, baina baita esperantza ere». Esperantzaren bide horretan, Altsasuko gazteen auziaren inguruko azken berriek ere lagundu zuten. «Oraindik ere badugu esperantza Nafarroako Auzitegiak helegitea onartzeko».

Iruñeko espetxean dauden gazteen inguruan, «ongi, holako egoera batean egon daitekeen bezain ongi» daudela adierazi du Petrirenak. Era berean, espetxeko tratua «egokia» izaten ari dela ere gehitu du.

Gazteek leporatzen zaizkien karguak ez dituzte onartzen. «Gainera, atestatuan leporatzen zaiena zerbait konkretua da, baina gero fiskalak eta epaileak egin duten istorioa, askoz zabalagoa, terrorismoaren etiketa hori justifikatu nahian».

Iruñeko gertakarien inguruan, Petrirenak berretsi egin du «gurasoak ez gaudela ados», baina «guztiz neurriz kanpokoa» jotzen dute «terrorismoa» leporatzea. Hasieran, gogoratu dute, «desordena publikoa» egozten ziela Poliziak. Bestetik jasotzen ari diren babesa «oso pozgarria» dela gaineratu du