Foro Soziala: «Armagabetzeak aukera berriak sortzeko lagungarri izan behar du»
Pozik eta itxaropentsu agertu dira gaur Aieteko Jauregian Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten 17 entitate eta 14 norbanakoak. Armagabetzearen inguruan lortu den adostasuna nabarmendu eta hilaren 8ko mugarriaren ostean ere horri eusteko beharra aipatu dute. Estatuei dagokienez, armagabetzeak «aukera bat» eskaintzen diela uste dute.
Armagabetzearen Egun bezala izendatu dutenarentzat astebete eskas falta dela, Aieteko Jauregian bildu dira berriz Foro Sozial Iraunkorreko kideak, pasa den urriaren 22an handik bertatik gizarte zibila «korapiloak askatzeko» erabakigarria izan zitekeela adierazi zutela gogoan hartuta.
Hala gertatu da, «bakearen artisauak» deiturikoei esker, bai eta armagabetzearen inguruan eraiki den kontsentsu zabalaren bitartez ere. «Une erabakigarri honi dagokion mailari eusten jakin dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Iparraldeko Euskal Elkargo berriak, alderdi politikoek eta haien hautetsiek, sindikatuek eta gizarte zibilak», goraipatu dute Begoña Huartek, Anaiz Funosasek eta Agus Hernanek.
Hilaren 8ko mugarriaren osteko agertoki berriari begira jarririk, «armagabetzeak bake prozesuaren zerbitzura egon behar du, eta aukera berriak sortzeko lagungarri izan behar du», adierazi dute euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz irakurritako adierazpen batean.
Hiru ondorio nahiko lituzke Foro Sozial Iraunkorrak. Hasteko, «gai honen inguruan lortutako adostasun zabala zaindu eta babestu behar dugu», eta ahal bada, zabaldu. Bigarrenik, Foroak duela urtebete luze aldarrikatzen duen «triangulazioan» sakontzea garrantzitsua litzatekeela aipatu dute (gobernu-erakundeak, nazioarteko ordezkariak, gizarte zibila), kontsentsu berriak lortuz, «adibidez preso eta iheslariak etxeratzeko bide-orri adostu bat sortuz». Eta hirugarrenik, «honek guztiak Espainiako eta Frantziako gobernuentzat ere aukera bat izan behar duela ulertzen dugu –ziurtatu dute–. Agertoki berri honek zenbait politika ulertezinago bihurtuko ditu, batez ere espetxe politikari lotutakoak».