Korrika, Kanpezu, euskara... 365ºko iraulia
Kanpezuko jendartean badago euskararen aldeko erabateko iraultzaren sentsazio nabarmena azken 20-30 urteetan. Arabako Mendialdeko herri nagusietakoa da, eta soberan jakina da Araban euskararen erabilera (normalizatua, eguneroko bizitzarako, ama hizkuntza gisa) eskasa dela; Kanpezun, kanpotik etorritako familia euskaldunen batean salbu, euskara erabat galduta zegoen. Hemen duela hiruzpalau hamarkada kaleetan entzuten (eta, beraz, mintzatzen) zen hizkuntza bakarra gaztelania zen. Urte luze hauetan guztietan, ordea, aldaketa nabaria izan da hainbat aldagairi esker: ikastolaren abiatzea (gurasoen euskararen aldeko borondatez), Betagarri eta gero XVII.mendea kultur elkarteen lana euskara herritarren eskura jartzeko eta belaunaldi berrien pentsamolde aldaketa, besteak beste.
Baiezta daiteke, harro, faktore sozialak, gure herriko kultura eta hizkuntza ezagutzeko eta gerturatzeko nahiak, lortu duela instituzioei aurre hartzea. Herritarren lanari esker gaur esan dezakegu, euskara kaleetan nahi genukeen guztia mintzatzen ez bada ere, tabernetan, umeekin plazan, dendetan, udaletxean… ia ehuneko ehunean bermatuta daukala kanpezutar batek zerbitzu eta beharrizan guztiak euskaraz eman eta jaso ahal izatea.
Kokaleku bitxian gaude. Nafarroarekin muga egiten dugu alde batetik baino gehiagotatik: Genevillarekin Bernedo eta Errioxa alderantz, eta Zuñigarekin Lizarrarako bidea hartuta. Bizitza eta harreman naturalak ditugu gure anai-arreba nafarrekin, denak nafarrak bagina bezala. Hango eta hemengo umeak datoz haur eskolara zein institutura. Elkargunea da Kanpezu.
Korrika 3
Gatozen bada Kanpezuk euskararekiko izan duen lotura historikoa aztertzera eta, ondorioz, ulertzera zer dela-eta egungo egoera.
70 eta 80. hamarkadetan, guraso talde handi batek euskararen aldeko apustua egin zuen, bai beraien euskalduntze prozesu propioan eta bai seme-alaben hezkuntzaren euskalduntzearen alde. Horrela, beste leku askotan bezala, kooperatiba bat sortu, eta Ibernalo ikastola eraiki zuten. Euskaltegia ere sortu zuten. Urteak joan eta urteak etorri, gaur guraso direnak, ikastolatik ateratako belaunaldia dira, eta noski, euskarak beste argazki desberdin bat du gaur egun.
Post franquismo garaietako euskalduntzearen abiatze edo suspertze horren ostean, geldialdi bat egon zen eta prozesua moteldu egin zen, baina 90. hamarkadan euskaltegi gisa ezagutzen dugun helduen euskalduntzea berpiztu zen berriz ere. Euskaltegi gisa lehen taldea 1992 inguruan hasi zen. Ez da bide erraza izan, administrazioak ratioa eta ekonomia aitzaki hartuta euskara taldeak bertan behera uztea erabaki izan baitu garai desberdinetan. Hortaz, herriko hainbat bolondresen lanari esker, urte askotan doako klaseak eman zaizkie bai ikastolako gurasoei, baita nahi izan duen herritar orori ere.
Alkatetza aldatuz joan da eta, horrekin batera, euskararekiko jarrera ere bai. Euskaltegiari jarri zitzaizkion oztopo guztiak gainditzen joan dira, eta bizpahiru urtetik hona, euskaltegi berri bat daukagu herrian, Udalak utzitako lokal batean. Alkate eta zinegotzi gehienak euskaldunak dira, gainera.
Betagarri kultur taldeak ere bultzatu ditu euskara eta euskal kultura. Elkarte horren lana kokatzeko garai haietako Korrika 3ren antolaketa oroitu behar da. Orduan kanpezutar talde batek inplikazio handiagoa eskatu zion AEKri Kanpezu euskalduntzeko prozesuan. 1987ko Araba Euskaraz beste momentu garrantzitsu bat izan zen hizkuntzari ta kulturari indarra emateko.
Gero, XVII. Mendea kultur taldeak hartu zuen lekukoa, eta haiekin batera, guraso elkarteak ere martxan jarri ziren euskara eskolan bakarrik gera ez zedin. Gaur egun, egoera nahiko hobetu da, eta nahiz eta jakin badakigun asko falta zaigula herri guztiz euskalduna izateko, orain dela 30 urteko Kanpezuk ez dauka zerikusirik egungoarekin.
Lagunaren ezuste atsegina
Herriaren ibilbidearen adierazle den pasarte bat konpartitu nahi dut hemen: badut 40 bat urteko Otxandioko lagun bat txikitan aiton-amonak Kanpezun zituena eta urtean bitan hona etortzen zena bisitatzeko. Azken 15 urteetan ez da ia etorri eta aipatu zidan bere iruditegi mentalean gordetzen zuen txikitako Kanpezu grisa, hotza eta erdalduna zela, eta orain euskaraduna den Kanpezu batekin topo egitean ezuste atsegina hartu duela. 365°ko herri irauli bat ezagutu du.
Mendialdeko Euskararen Eguna
Euskararen Egunaren ospakizunari leku berezia egin nahi diot hausnarketa honetan, Mendialdean orain dela gutxi ospatzen hasi delako lehen ezezaguna zen data. 2010ean Maeztun Amezti kultur elkartea sortu zen. Euskararen Eguna ospatzea erabaki zuten eta egun horretan taldearen aurkezpena egin zuten. Eredu hori hartuta, Kanpezuk jarraipena ematea erabaki zuen eta Mendialde guztira zabaltzea otu zitzaien kanpezutar batzuei. Horregatik, Mendialdeko Euskararen Eguna izenpetuta urtero herri batek hartzen du antolatzeko ardura, euskararen aldarrikapena jai giro batez zipriztinduz.
Ezin aipatu gabe utzi Mintzalagun taldea eta bertso eskola, euskalduntzean eta kultura eta tradizioen ezagutza eta transmisioan ekarpen handia egiten ari baitira.
Ekimen txikien lagungarri
Korrikak beteko duen 20. edizioan Kanpezuk beste behin bat egingo du ekimenarekin euskarari ematen dion bultzada hauspotzeko. Herri ekimen nazional horrek herri ekimen txikiagoei lagunduko dielakoan gaudelako.
Hori dela-eta, lasterketa antolatzeko Mendialdeko batzordeko kide izanik, aitor dezaket lan polita eta ilusionagarria dela Korrikaren aitzakia hartuz euskararekiko konpromisoan laguntzea eta euskararen aldeko norabide horretan berrestea.
Korrika heldu den arte hainbat ekimen egin dira aste hauetan Mendialdeko herrietan: Aguraingo “Euskara 42 orduz” dinamikakoekin mahai-ingurua, bertso afaria, frontenis txapelketa eta umeentzat herri kirolak eta Pirritx Porrotx eta Marimototsen emanaldia kasu. Euskarari bizia emateko helburuarekin mimo handiz egindako ekimenak denak.
Mimo eta indar berarekin hartu dugu Korrika goizeko ordu txikietan Marañon, Kabredo eta Genevillatik Urbisu, Zuñiga eta Lizarraldera bidean. Euskaradun, bolondres eta parte-hartzaile guztiei eskerrik beroenak bidaltzen dizkizuegu hemendik.
Gutxi garen arren, bat, bi, lau edo hamalau, denok bat eginez, BAT eta ZUK BATZUK bagarelako ustezko zonalde-ez-euskaldunetan euskara lau haizeetara zabaltzen.