Hazparnetik Maulera
Korrikan lehentze parte hartu nuen 1983an Hazparnen, lana han nuelako. Lekukoa lantegi aurrean pasa zidaten: ohore bat, tokiko euskaltzaleei zor diedana. Opari bikoitza: Gaineko Karrikaren goienetik jaistea nuen talde eder baten buruan, arratsalde xoragarri hartan. Kilometro bakarraren betetzea lan erraxegia zitzaidan, holako lagundi airosaren uzteko gogorik ez nuen, eta hein bat aurrerago jarraitu nuen, lekukoa Saint Esteben Hazparneko udal kontseilari gazteari utzirik. Urte andana bat gutiago ukanez, holako giroan puska bat gehiago eginen nuen… euskararen tren biziduna bere bidean joatera utzi nuen, Baxenabarrerantz Baiona aldetik etorria zitzaigun.
1985ean lekukoa Zuberoako Pettar zolan hartu nuen, Ezpeize eta Ündüreine artean, etxetik hiru kilometrotan. Korrika, Oxkaxeko lepotik sartu ondoren, Maule-Lextarretik pasatu zen, eta ürrüpera deitzen dugun Ühaitz bazterraren behera zetorkigun, ilunabar ederrean. Gutieneko lana erraxki eginik, aurrera joan nintzen pixka batean, Sarrikotapeko biribilguneraino. Korrikak Amikuzerako bidea hartu zuen. Biharamun goizean Hazparnera joan nintzen parte hartzera, lekukoaren ardurarik gabe, lasaiago, baina zirrara gutiagorekin ere.
Geroztik Zuberoan Korrika gauez pasa zaigu gehienetan, eta, ene adina goratuz doan bezala, nire parte hartzea ere ahal bezalakoa bilakatu da. Oroitzapenak ere desberdinak. Behin lekukoa Ündüreinen pasa didate Maulerantz, eta nire kilometroarekin aski ukan dut. 2001ean Sohüta / Sorhoetan izan da: ikastolan hartu dut eta Viodos / Bildozerako biribilgunean utzi, Amikuzeranzko bidean. 2009an, “Xiberoko jauna” pastoralaren ondotik, Sarrikotapeko biribilgunetik Ündüreinerantz, beraz goiti. Bi aldiz tokatu zait Zuberoan egunez korritzea: 2003an Maule-Lextarren Korrikari hasiera emanez, eta 2005ean anonimoki parte hartzea, oroitzapena gogoan.