INFO

‘Ikuska 2: Gernika’, bonbardaketa bertatik bertara bizi zutenen testigantza

Ikuska sailaren baitan Gernikako bonbardaketa hartu zuen gai gisa Pedro Oleak. 1937ko apirilaren 26 hartan sarraskia bertatik bertara bizi zutenen testigantza ardatz osatu zuen lana. Urteurrenaren harira, gaur gauean (21.00) NAIZen izango da ikusgai. 

This browser does not support the video element.


(Goiko bideoan Ikuska 2-ren sekuentzia bat)

Joseba Elosegi ageri da Ikuskaren 2. laneko lehen sekuentzian, frentetik Gernikara joan zireneko unea gogoan. Pedro Oleak euskal zinemaren hastapen izan zen Ikuska sailerako egindako lana da ‘Gernika’ eta 21.00etatik aurrera naiz.eus/ikuska helbidean izango da ikusgai. 

14 minutuko lanean 1937ko apirilaren 26 hartan Gernikan ziren hainbat herritarren testigantzak jaso zituen Oleak orain ia 40 urte ekoitzitako lan honetan. Inguruko baserrietatik hegazkinen iritsierarekin izutu zirenena eta herrian bertan ziren gordelekuetan bonbetatik ihesi izan zirenena.

Ikuska, euskal zinemaren aitzindari

Ikuska saila 1979 eta 1984 artean euskal zuzendari talde batek egindako lana da, Antxon Ezeizaren koordinaziopean. Garai hartako Euskal Herriaren erradiografia egin zuten 21 dokumentaletan. Guztira 15 zuzendarik parte hartu zuten euskal zinemaren hastapen honetan. Ezeizak korrdinatutako lanean Javier Aguirresarobe aritu zen argazki zuzendari gisa. Oleaz gain, Imanol Uribe, Montxo Armendariz, Mirentxu Loyarte, Jose Luis Egea, Anton Merikaetxebarria, Xabier Elorriaga, Koldo Izagirre, Juanba Berasategi, Koldo Larrañaga, Jose Julian Bakedano, Iñaki Eizmendi, Juan Miguel Gutierrez eta Pedro de la Sota aritu ziren zuzendari lanetan.