Sei espetxetara martxak egingo ditu maiatzaren 20an Kalera Kalera dinamikak
Amnistiaren Aldeko Astetik 40 urte betetzen direnean, mobilizazio «erraldoi» hartan parte hartzen ari zirela hil zituzten zazpi lagunak omenduko ditu datorren astean ezker abertzalearen Kalera Kalera dinamikak. Estatu espainol zein frantseseko sei espetxetara martxak ere egingo dituzte, maiatzaren 20an.
Bilbon eginiko agerraldi batean, Amnistiaren Aldeko Astearen 40. urtemugaren harira antolatutako ekimenen berri eman du ezker abertzalearen Kalera Kalera dinamikak.
Ekimenaren izenean Ibon Arbulu eta Garbiñe Aranburuk gogoratu dutenez, 1977an, gatazka politikoaren testuinguruan, ezker abertzaleak «sutsuki astindu zuen amnistiaren bandera». «Euskal jendarteko sektore anitzek ulertu zuten beste fase batera igarotzeko, lehendabizi preso eta iheslari guztien etxeratzea ekarriko zuen amnistia lortu beharko zela», azaldu dute.
Amnistiaren aldeko aldarriak «itzelezko sostengua» lortu zuela azpimarratzeaz gain, antolatutako ekimenen artean nabarmendu dute Amnistiaren Aldeko Astea, maiatzaren 8tik 14ra egin zen «mobilizazio erraldoia». Estatuak «odolezko errepresio basatia» erabili zuen haien aurka eta Poliziak zazpi lagun hil zituen.
«Orain dela 40 urte bezala –esan dute Arbuluk eta Aranburuk– presoen eskubideak sistematikoki urratzen diren honetan, barruan daudenen eskubideak aldarrikatzera gatoz. Agertoki berri honetan, preso eta iheslari guztien etxeratzea ahalbidetuko duen prozesu bat eskatzera gatoz».
Aste hura gogoan, «amnistiarne alde guztia eman zuten haiei gorazarre» egingo die ezker abertzaleak eta, horretarako, Kalera Kalera dinamikak hiru omenaldi antolatu ditu zazpi lagun haiek hil zituezten lekuetan.
Omenaldiak eta martxak
Maiatzaren 12an, goizeko 11.00etan, Francisco Javier Nuñez Fernandez gogoratuko dute Bilboko Eliptika plazan. Egun bat beranduago, Errenterian manifestazioa egingo da, 17.30ean, ‘Kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera’ lelopean. Clemente del Caño Ibañezi, Gregorio Maritxalar Aiestarani eta Rafael Gomez Jauregiri ere omenaldia egingo diete.
Hilaren 14an, Ortuellan izango da hitzordua, ordubatean, Manuel Fuentes Mesa omenduko baitute Catalina Gibaja kalean.
Ekitaldiotan, ezker abertzaleko kideekin batera, Sinn Féin (Ipar Irlanda) eta SATeko (Andaluzia) kideek ere hartuko dute parte.
Bestalde, «euskal preso politikoak urrundu zituztela 30 urte betetzen diren honetan», espetxeetara martxak egingo ditu Kalera Kalera dinamikak maiatzaren 20an. Curtis, Fleury, Picassent, Puerto, Roanne eta Saint Maur kartzeletara egingo dira martxak, autobusez.