INFO

Begirada zorroztu iluntzean, baita biharamunean ere


Gaur iluntzean, hauteslekuak ixtean, arnasa hartu eta gure begiak prestatu beharko ditugu bai errealitate hurbilari eta bai berehala azalduko ez den errealitateari behatzeko. Lehenbizikoan, normala denez, Marine Le Penek zein Emmanuel Macronek, biek ala biek, lorturiko emaitza gordinak jasotzea egokituko zaigu. Boto erreal eta portzentaje horiek lehenengo informazio garrantzitsua eskainiko digute, zeresanik ez. Alta, herritarrek emandako botoa aztertzeko orduan ez diogu soilik erreparatu beharko bi aurkarien arteko banaketari. Azken bozetatik hona izan badelako aldaketa interesgarri bat. Boto zuria aintzat hartzeko eginiko mobilizazio kanpainari esker, ez Macronen ez Le Penen izena idatzirik ez duen boto-papera erabiliko duten herritarren ahotsak bere garrantzia hartuko du hauteskunde gaualdian. Ofizialki baliogabetzat hartuko badituzte ere, boto horiek politikoki aztertzea merezi du. Are gehiago kontuan izanik bihotza ezkerrean duten herritar askok –Melenchoni boto eman ziotenek gehienbat– ahal dutela aukera hori erabili, besteak beste, «fronte errepublikanoaren» erabilera maltzurraren ondorioz Frantziak bizi duen egoera salatzeko. Boto banaketa, boto zuria eta, hirugarrenik, abstentzioa. Historikoki parte-hartze oso altua izanen da frantziar presidentetzarako hauteskundeetan. Lehen itzuliak hala frogatu zuen. Hezkuntza hiritarrak itzal handia du oraindik ere Frantzian, nahiz eta gaurkoan aukera handiagoak diren abstentzio aktibo bat agertzeko. Zailagoa bada ere, ahalegindu beharko dugu lerro artean irakurtzen hainbeste arrazoi ezkutatzen dituen batez besteko bihurri hori. Halere, zaindu ditzagun begi gaixoak. Bihar xehetasun guztiak aztertu ondoren, berehala datozen legegintzako bozetara zabaldu beharko dugu-eta begirada.