EAJ, EH Bildu eta Podemoseko legebiltzarkideek babesa adierazi diote Forcadelli
Gasteizko Legebiltzarraren atarian eginiko elkarretaratzearekin, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek «babesa eta elkartasuna» adierazi diote Carme Forcadelli. Auzitegi Konstituzionalari desobeditzea egotzita deklaratu du gaur, bigarrenez, Kataluniako Parlamentuko presidenteak.
Gasteizko Legebiltzarraren atarian bildu dira alderdi desberdinetako ordezkariak eta bost minutuz egon dira bertan, Forcadelli babesa adierazteko.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu behar izan du Forcadellek, bigarrenez, erreferendumari buruz eztabaidatzen utzita Konstituzionalari desobeditzea egotzita. Parlamentuko Mahaiko kide Anna Simok ere deklaratu behar izan du gaur.
Gasteizko Legebiltzarreko Bozeramaleen Batzordeak, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeetako botoekin, gaurko elkarretaratzea egitea onartu zuen, koalizio abertzalearen ekimenez. Lakuako Gobernuaren EAJren bazkide den PSEk eta PPk aurkako botoa eman zuten.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusietako presidenteek, zenbait batzarkidek eta Gasteizko zinegotzi batzuek ere bat egin dute elkartasun keinuarekin.
Elkarretaratzea bukatu denean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak babesa adierazi die deklaratzera deituta dauden Parlamenteko kideei eta «politikaren judizializazioa» gaitzetsi du.
Herri batek helburu «politiko, demokratiko eta legitimo» bat duenean, hura gauzatzeko bideak jarri behar direla azpimarratu du Tejeriak. Azken batean, adierazi duenez, gehiengoaren borondatea «beti gailenduko baita».