INFO

Bautistak puntu bat erreskatatu du Realarentzat (2-2)

Irabazteko neurketa jokatu du Realak Anoetan Malagaren aurka, baina ia galdu egin du. Azkenean, Bautista gaztearen gol bati esker, puntu bat eskuratu ahal izan dute txuri-urdinek. Azken jardunaldian datorren denboraldian Europan lehiatzea jokatuko dute Donostiarrek. [Neurketaren xehetasunak]

Bautistak egin du, zelaian sartu eta gutxira, Realaren bigarrena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Nolakoa den futbola: hamaika neurketa irabaziko zituen Realak okerrago jokatuta, baina taldeak gehien behar duenean ezin. Hala izan da igande arratsalde honetan, Anoetan Malagaren aurka jokatu duen partiduan.

Mikel Gonzalezi omenaldia eginez hasi da ikuskizuna Anoetan. Estuak izan dira jokuko lehenengo minutuak, Malaga bera ere emaitza erreskada on batetik baitzetorren. Pixkanaka, baia, Realak hartu du aginte makila eta arriskua sortuz gerturatu da Kameniren ate ingurura.

Gertuan ibilita zerbait jasotzen omen da, eta penalti zalantzagarri bat izan du saritzat Realak, Xabi Prietko 30. minutuan gauzatu duena. Zailena egin du talde txuri-urdinak, aurretik jartzea, baina ez dio luze iraun. Neurketa atsedenaldira iristear zela, Luis Hernandezen banakoa jarri du markagailuan.

Reala ez da inolaz ere berdinketarekin konformatu, eta aurrera jo du bigarrenaren bila. Horrek partidua zabaltzea ekarri du, eta hala Malagak ere izan ditu bere aukerak. Bien arteko aukera trukaketa horretan Malaga izan da kolpea ematen lehena: Reciok areaz kanpotik eginda jaurtiketa batek aurretik jarri ditu markagailuan bisitariak.

Aurrez ere aurrera joana bazen Reala, are gehiago egin du erasora markagailuan atzetik jarri ostean. Azkenean Bautistak, sartu eta minutu batzuetara, egin du txuri-urdinen bigarrena, merezitako puntua eskuratzea ahalbidetuz.

Celtaren aurka jokatuko duen azken partidan datorren denboraldian Europan jokatzea izango du lehian Realak.

Errepasatu partidaren xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.