INFO

Garaipena Athleticek, eta porrota Realak eta Oiartzunek

Ez da igande honetakoa izan euskal emakumezko futbolarentzat egunik hoberena izan. Irabazi egin du Athleticek, baina galdu Reala eta Oiartzunek. Azken hauek, gainera, jaitsiera postuetan daude liga amaitzeko jardunaldi baten faltan. [Emaitzak eta sailkapena]

Bere azken partida jokatu du Aintzane Encinasek Zubietan. (@RealSociedad)

Etxetik kanpo jokatu du Athleticek, Zaragozan, sailkapen nagusiko aurreko postu horiek borrokatzen jarraitzeko asmoz. Hala, neurketa atsedenaldira iristerako erabat bideratua zuten Athleticeko neskek.

Irune eta Erika Vazquezek eginiko goli esker, huts eta biko horrek bigarren zatia beste lasaitasun batekin jokatzeko aukera eman die Athleticeko neskei. Cardonak sartutako golak nerbioak dantzan jarri badizkie ere, Yulemak neurketaren amaierako partean sartu duen golak gauzak bere tokian jarri ditu.

Aurpegi eskasagoa erakutsi dute Reala eta Oiartzunek. Deskantsura hutsean iritsi dira Reala eta Valentzia Zubietan, baina gehiago ziren bisitariak soropilean. Hala, Mari Pazek ireki du markagailua bigarren zatia hasi berritan, eta hortik aurrera valentziarrena izan da neurketa.

75.ean Natalia Gaitanek egin du bigarrena, eta 85.ean hirugarrena Marta Peirok. Luzapen denboran laugarrena ere egin dute bisitariek.

Mingarria, baina, Oiartzunen porrota izan da. 7-1 galdu dute Rayoren etxean, jaitsiera postuetara eroriz liga amaitzeko jardunaldi baten faltan. Atsedenaldira jada 5-1 iritsi dira markagailuan, eta ezer gutxi egon da jokatzeko bigarren zatian.

Errepasatu Emakumeen Ligako emaitza eta sailkapen guztiak NAIZen webgune berezian.