Planteatutako eskakizunak lortu arte negoziatzen jarraituko duela ohartarazi du Seaskak
Larzabaleko kolegioan martxan jartzekoa zen Inklusiorako Egitura Pedagogikoa irekitzea «debekatu» dute Paueko Akademia Ikuskariak eta Bordeleko errektoretzak eta gainera, Seaskak berri eman duenez, Lanbide Heziketan aurreikusita zeuden bi sailetatik bakarra irekitzeko baimena jaso dute. Eskakizun hauentzako baimenak lortu arte, elkarteak ez du negoziazioa itxitzat emango.
Ohar baten bidez, Seaskak adierazi du «harriduraz» jaso dutela Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan martxan jartzekoa zen Inklusiorako Egitura Pedagogikoaren (IGP) irekitzeari Paueko Ikuskariak eta Bordeleko errektoretzak ezarritako «debekua».
Azpimarratzekoa da Baxe Nafarroa zein Zuberoan ez dagoela IGP egiturarik. «Pierre Barriere Akademia inspektorearen arabera, behar bereziak dituzten 11 eta 12 urteko hiru haurrak, goiz guztiz kostaldera joan behar lukete, eta arratsero barnekaldera itzuli. Zergatik jadanik zailtasunetan diren haurrei ikasteko zailtasun gehiago ezarri? Zergatik euskaraz ikasten segitu nahi duten haur horiek frantses eskoletara joan daitezen behartu?», galdetu du elkarteak.
Horrez gain, Bernat Etxepare lizeo berriko Lanbide Heziketan aurreikusiak ziren bi sailetatik bakarra irekitzeko baimena eman du Bordeleko errektoretzak. Seaskak nabarmendu duenez, Errektoretzarekin batera gutxienez bi sail irekitzea adostua zuen, hots, sozial arloa eta komertzioa. «Eta orain euskaraz komertzioa ikasi nahi duten ikasleen parean ez dugu irakaslerik izanen, lehen urtetik ez direlako 10 ikasle izanen? Zergatik haur euskaldunek ezin dute euskaraz ikasi?», aipatu du Seaskak.
Zentzu horretan, Inklusiorako Egitura eta aipatu komertzio saila irekitzeko baimena lortzen duten arte negoziazioa itxitzat emango ez duela ohartarazi du elkarteak.