INFO

Manu Azkarate eta gainerako preso gaixoekiko «utzikeria» salatu dute

Manu Azkaratek azken hilabetean jasandako «eskubide urraketak» salatu eta larriki gaixo dauden presoekiko Espetxe Erakundeak duen «utzikeria» arbuiatzeko agerraldia egin dute hamarka lagunek Tolosako Triangulo plazan.

Tolosako Triangulo plazan bilduta salatu dute Azkarate eta larriki gaixo dauden gainerako presoen egoera. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Eskualdeko Sarek deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute Tolosako Triangulo plazan Manu Azkaratek azken hilabetean jasan dituen «eskubide urraketak» salatzeko.

Azaldu dutenez, ekinbide desberdinak direla-medio, bi aldiz lekualdatu dute Azkarate, behin Zaballara eta bestea Martutenera.

Bidaiok Alcalako espetxetik zuzeneko joan-etorrian egin beharrean tartean beste geldialdi batzuk egin zituztela adierazi dute. Geldialdi horietan, besteak beste, medikazioak aldatu dizkiote, hainbat egunetan ez zuten erizaintzara eraman eta arauta zuen gatzik gabeko dieta ere aldatu zioten.

Maiatzaren 23an iritsi zen Alcalara, bere gaixotasunari urruntzearen ondorioak gaineratuz.

Hala, Tolosan bildutakoek gogor salatu du «Espainiako Espetxe Erakundeak duen utzikeria larriki gaixo dauden presoekiko». «Agerian geratzen da berriro ez dela baldintzarik ematen espetxeetan larriki gaixko dauden presoen trataera eta jarraipen egokia egiteko», azpimarratu dute.

Preso gaixoak etxeratu ahal izateko bi hilabeteko bizi itxaropena aipatu izana txarretsi diote Juan Ignacio Zoido Barne ministro espainiarrari, eta salatu dute ere «politikaren, komunikazioaren edo justiziaren arloan eskubide urraketa horien aurrean beste alde begiratzen» dutenen jarrera.

«Espero dugu larriki gaixorik dagoen preso batek berak ere zorigaiztoko amaierarik ez izatea baina, hala gertatzen bada, alperrik izango dira negarrak eta aieneak. Horren arduradun izango dira legeak babestu arren persona horiek askatzeari uko egin diotenak, nahiz eta legeak berez preso horiek babestu», ohartarazi dute.